1.500 euro bildu dituzte Monte Albertiako ikasleek Aspanogirentzat

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 21a, 10:00
Monte Albertiako ikasleek sortutako egutegiko irudi bat. (Xanti Rodriguez)

Eurek sortutako egutegi baten 300 ale saldu dituzte eta Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea laguntzeko baliatu dute bildutako dirua.

Monte Albertia institutuko ikasleek egutegi bat sortu dute, zodiakoko ikur bilakatuz hainbat lagun. Ikasleek eurek makillatu, orraztu eta jantzi dituzte modeloak eta Xanti Rodriguez azpeitiarrak egin dizkie argazkiak. Dagoeneko egutegiaren 300 aletik gora saldu dituzte, 1.500 euro bilduz. Lortutakoa Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkarteari ematea erabaki dute ikasleek.

Aste batzuk atzera, Aspanogiko ordezkariak Monte Albertian izan ziren, euren proiektuaren berri ematen. Jakinarazi dutenez, ikasleak "oso konprometituta" agertu ziren egitasmoarekin, batzuk boluntario gisa eskainiz euren burua.

Emaitza ikusita, Monte Albertiako ikasleak XX.mendeko emakume esanguratsuenen inguruko erakusketa bat hasi dira prestatzen.