«Idazleek eraikitzen dute editorea; editoreak ezin du idazlerik sortu»

Amagoia Iban - Berria 2018ko urt. 21a, 10:50
Gorka Arrese (Aiora Larrañaga Solaberrieta)
Ia 30 urte egin ditu Gorka Arresek Susa argitaletxean, editore; urtea hastearekin bat itxi du ziklo hori. Atzera eta aurrera begira ageri da, orainaldi betetik. Suhar, ohi bezala. Editore ohi izateko bideari heldu berritan. Amagoia Ibanek elkarrizketatu du, Berriarako.

Izeta du lehen abizena berez, baina euskal kulturgintzan bigarrenez egin da ezagun Gorka Arrese (Zarautz, Gipuzkoa, 1965). Filologoa izateko bidean zenak Argia astekaritik Euskaldunon Egunkaria-ra eta handik Susa argitaletxerako bidea egin zuen. Urte berriarekin utzi du azken hori.

Nola iritsi zinen editore lanera?

Ustez literarioak ziren testuak idazten nituen Susa aldizkarirako. Aldi bertsuan, Karmelo Landa gidari, Josu Landa ondoko eta beste batzuk laguntzaile zirela, Gabriel Arestiren lan guztien bilduma ari ziren osatzen Susan. Liburu asko ziren —hamar—, aldi berean ari ziren editatzen guztiak, eta Karmelok testu zuzenketak egiten laguntzea proposatu zidan. Hala, liburuak nola osatzen, bukatzen, maketatzen zituzten ikusi nuen. Apasionantea iruditu zitzaidan.

1986koa da Arestiren obra osoaren antologia. Orduan erabaki al zenuen editore bilakatzea?

Ez! Ez dakit. Liburuak nola egiten ziren ikusi ahala, liluratuta gelditu nintzen egiteko harekin. Maila artistikoa eta produktiboa zeuzkan. Hamar liburu aldi berean egin behar hartan, fabrika bat ematen zuen. Gero, kontuan hartu beharreko zirkunstantzia batzuk ere suertatu ziren.

Zein zirkunstantzia?

Argia-koak egunkari bat egin behar litzatekeela pentsatzen hasi ginen. Josu Landa eta beste horretara jarri ziren, eta, halako batean, Josuk esan zidan: «Hemendik aurrera, hire kontu Susako liburuen edizioa». Hala, Xabier Montoiaren Narraztien mintzoa poema liburua editatu nuen, 1988an.

Gaztea zinen.

23 urte nituen. Ordurako aritua nintzen Euskaldunon Egunkaria-ren hastapenetan [Kultura saileko lehen arduraduna izan zen]. Norbera zailtzeaz gain, talde lanarekin, kolektiboki, noraino iristeko indarra —gaztetasuna— zegoen ikasi genuen. Egunkari bat egiteko gauza izan ginen, kolektiboki halako antolamendua eta tresnak erabiltzeko gaitasunarekin. Edozer egin genezakeela ematen zuen. Ez genion beldurrik ezeri. Ausarkeriaz beteak ginen. Izugarrizko suertea izan dut. Heziketa doan eta opariz etorri zait, sakrifizioz betea izanik ere.

Tresnak eta fabrika hitzak aipatu dituzu. Hamaika aldiz entzun zaitut kultur ekoizpenerako lanabes propioak izateak daukan garrantzia nabarmentzen.

Tresnak ez badituzu, beti zaude herren edo besteren menpe. Tailerra, fabrika, tresna hitzak, niretzat, pentsamenduaren parte dira. Egitea pentsatzea da. Egiteko, pentsatu egin behar da. Ez dira bi gauza; biak dira bat. Buruz pentsatzen dugu, baina eginez aldatzen dugu. Eginez eraikitzen da. Susa, zehazki, idazleek tresna bat edukitzeko jaio zen. Badakizu: lurra, lantzen duenarentzat; eta lurra lantzeko, tresnak. Gure kasuan, literaturari buruz ikasten, garatzen eta probatzen lagundu digu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berriaren atarian.