Autobus aterpe berriak jarri dituzte Iñurritzako eta Abendañoko geltokietan

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 23a, 16:53
Iñurritzako geltokian jarri duten autobus aterpe berria (Zarauzko Udala).

Araba kalea eta Urdaneta kalea lotzen dituen biribilguneko geltokiko aterpea ere handitu dute.

Irisgarritasun Planaren barruan, herribusaren geltokietako azpiegiturak hobetzen ari da Zarauzko Udala. Aste honetatik aurrera, esaterako, Iñurritza auzoan autobus aterpe berria dute Salbatore Mitxelena Ikastolaren parean dagoen geltokian. Iñurritzako bizilagunek  2018 urteko aurrekontu parte-hartzaileetan eginiko eskaerei erantzunez ipini dutela nabarmendu du Obra eta Zerbitzu zinegotzi Iban San Martinek, aterpe berria bertako bizilagunen eskaerei erantzuna emateko ezarri dela azaldu du. Horrekin batera, aterpe berri bat jarri dute Abendañoko industrialdean, Katealegaia eraikinaren aurrean dagoen herribusaren 3. linearen geltokian.

Era berean, Azken Portu auzoan, Araba kalea eta Urdaneta kalea gurutzatzen diren biribilgunean dagoen geltokiko aterpea handitzeko lanak egin direla jakinarazi du zinegotziak: "Ohiko herri autobusaren erabiltzaileez gain, Zarauzko elkarte asko dira autobus geltoki hau erabiltzen dutenak; adibidez, Zarauzko Kirol Elkarteko taldeek partida eta kirol ekitaldietara joateko autobusaren zain geltoki honetan egoten dira. Eguraldi txarra egiten duen egunetan, aterpea txikia geratzen da, eta behar honi erantzuna emateko helburuarekin, geltokiko estalpea handitu dugu".

Urtean zehar, udalak autobus geltokiak hobetzen jarraituko duela zehaztu du zinegotziak, eta Vista Alegre auzoko biribilgunean eta Zarauzko sarrerako biribilgunean, N-634 errepidean, aterpe berriak jartzea aurreikusten du. "Baina, pixkanaka, puntu gehiago gehitzen joango gara zerrenda honetara”.