Bertsoak: Gazteen hitanoan soberan 'okela'

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 24a, 13:46

Inaxio Uria Isastik ondorengo bertso sorta igorri dio Zarauzko Hitzari, Gazteen hitanoan sobera 'okela' izenburupean, Astoa ikusi dugu doinuan eginak.

-1-
Gaurko gazteak dira
euskararen jabe
alfabetaturikan
zalantzarik gabe
Baina hutsune bat da
arlo hortan klabe
Hitanoa ez dute
landu.Hau da grabe
-2-
Hitanoa eskolan
ikasten ez denez
ahoz aho lantzen da
borondate onez
Lagunarte giroan
saiatuz, kemenez
Ta sendi batzuetan
Han bai ta hemen ez
 
-3-
Egoera horretan
eskasa da maila
Beraz hau indartzea
da erabat zaila
Zuzen erabiltzea
buruaz hitz saila
Akatsak ohiko dira
nahiz zaindu abaila

-4-
Gazte artean hika
indartzen ari da
baina akatsak ere
nabarmentzen dira
Zaharragoei arraro
zaigu belarrira
Berdin Euskaltzaindian
arauen harira
 
-5-
Adituen hitzetan
dut nik arakatu
Akats nabarmen batzuk
nahi ditut aipatu
Hurrengo bertsoetan
doaz hainbat datu
Nire atrebentzia
mesedez barkatu

-6-
Ni joango nauk hemendik
Bai, joango naizela
Horren ordez esanaz
ni joango “naukela”
Edo gu joango gaituk
gu joango garela
Aldrebeski esanaz
joango “gaitukela”
 
-7-
Ni oso ondo nagok
Ondo nagoela
Orain esaten dute
ondo “nagokela”
Ta bera ondo zagok
Ondo dagoela
Alderantziz bihurtuz
ondo “zagokela”
 
Zehaztuz
OKER - ZUZEN
Naukela - Naizela
Gaitukela - Garela
Nagokela - Nagoela
Zagokela - Dagoela