Gurpildun memorian biraka

Derlan motorrak ekoizten zituzten langileetako batzuk, Iker Itxasorekin (eskuinean lehena), Basor lantegi zaharrean. (Imanol Sorazu)

1954an sortu zuten herrian Derlan motor marka, eta 1962ra arte ehunka ibilgailu egin zituzten. Iker Itxaso horri buruzko dokumentala eta erakusketa prestatzen ari da

Motorzale amorratua izanik, Iker Itxasok bete-betean heldu zion gaiari: Derlan etxeko motorren memoria berreskuratzeari. 2016ko gabonetan hasi zuen zarauztarrak proiektu horren ibilbidea. Azterketetarako ikasten ari zela, atsedenaldi batean iragarki batekin egin zuen topo interneten, eta bat-batean zerbaitek atentzioa eman zion: Zarautzen ekoitzitako motor klasiko bat ikusi zuen salgai. «Nork jarri du astakeria hau? Zarautzen ekoitzitako motor bat?» pentsatuta, sarean bila hasi zen arrastoaren atzetik. «Zerbait jartzen zuen, baina ezer gutxi». Gabonak zirela aprobetxatuz, kuadrillakoei, familikoei... galdezka hasi zen Derlanen inguruan, ea norbaitek bazuen haren berririk. «Inork ez zekien ezer, amonak izan ezik», gogoratu du.

Amonak kontatu zion haren auzokoak zirela sortzaileak. Sorazu anaiek eta haien koinatu Bastarrikak Basor lantegia jarri zuten martxan, izena bi abizenen baturatik aterata. 1936 eta 1939 urte arteko gudaren ondoren, ibilgailuek gorakada izaten hasi zirenean, Derlan markako motorrak egiteari ekin zioten duela gutxi eraitsi duten Salberdingo fabrika zaharrean, 1954. urtean. Orduan hasi zen Itxaso gaiari tiraka, sinetsita ezin ziola aukerari joaten utzi. «Horrekin zerbait egin beharra dago».

«Geroz eta handiagoa»

Hala, handik eta hemendik hasi zen informazio gehiago biltzen, eta topatu, topatu zuen zerbait: 1954tik 1962ra arte ehunka motor ekoitzi zituztela Basorren;  20 bat langilek jarduten zutela bertan, bakoitza bere eginbeharrean, motorrak eraikitzen; teknologia oso oinarrizkoarekin eta planoak eskuz egiten, atzerriko motorren piezetan oinarrituta.  Hala ere, askotariko modeloak ekoitzi zituzten. «Horietako bat zen MSK 94 scooter-a, emakumeei zuzenduta. Izan ere,  bi alboetara xaflak zituen, gonak ez zikintzeko edo altxatzeko», zehaztu du Itxasok. «Beste batek orga moduko bat zuen atzean, askotariko materiala batetik bestera garraiatzeko». Eta horrela, beste hainbat. Izan ere, askotariko erabileretako motorrak eraiki izan zituzten Basorren.

Zortzi urte inguru iraun zuen Derlan motorren ekoizpenak. «1962an asko ugaritu zen motorren mundua. Mekanikoki garatzen joan zen, gero eta ibilgailu potenteagoak, azkarragoak, gutxiago kontsumitzen zutenak... Basorreko langileek, berriz, beraienari eutsi zioten, eta ezin izan zioten aurre egin lehiakortasunari». Orduan, itsasontzietarako enbrageak egiten hasi ziren, tamaina handikoak. «Derlan motorrekin hasi ziren bezala, orduko piezak desmuntatu, galdatu eta horiek berriz muntatzen. Baliabide gutxirekin lortu egiten zuten beren helburua. Hori txapela kentzeko moduakoa da», aitortu du zarauztarrak.


Haien gaitasunarekin liluratuta, langile ohiekin harremanetan jarri zen. «Lehenbizi bat ezagutzen duzu, hark beste batengana eramaten zaitu, horrek beste batengana...». Azkenean, hamar bat lagun biltzea lortu zuen; besteak beste, Juanito eta Josetxo  Gesalaga anaiak, Santi Osa garaiko arduraduna, Jose Mari Tornes, Ramon Leunda, Juanito Arozena eta Agustin Etxabe. Haiek jakinarazi zioten bere aitonak ere bertan jardun zuela lanean. «Nire aitona mekanikaria zen, eta gurpilak muntatzen zituen».

Hori jakinda, Derlan etxeko motor bat lortzeko grina piztu zitzaion. Sarean bila eta bila ari zela, jakin zuen Caceresen (Extremadura, Espainia) museo batean saltzen jarri zutela Derlan motor bat, «nahiko itxura ona» zuena. «Museora deitu nuen eta ziurtatu zidaten motorra bazebilela». Ordurako bere aisialdian motorrak konpontzen jarduten zuen Donostiako gizon batekin jarri zen harremanetan, eta laguntzeko prest agertu zitzaion. «Nirekin etorri zen, motorra aztertu zuen eta hona ekarri genuen. Gerora elkarrekin konpondu genuen motorra», azaldu du.  

Langile ohiak ezagutzen zituela kontuan izanda, eta oraindik ere Salberdingo lantegia zutik zegoela aprobetxatuz, «sorpresatxo» bat prestatu zuen Itxasok haientzat. Proposatu zien fabrikan argazki batzuk ateratzea guztiei elkarrekin, oroitzapen gisa. Ez zien esan, ordea, Derlan motor bat ere izango zela bertan. «Oso polita izan zen topaketa, hunkigarria. 80 urtetik gora dituzte eta denbora zeramaten elkar ikusi gabe. Guztiak hor ikustea, fabrika zaharrean, beraiek sortutako motor batekin, benetan ederra izan zen».
Orduan sendotzen eta itxura hartzen jarraitu zuen Itxasoren egitasmoak, eta konturatu zen dokumental bat egiteko adina material bildua zuela: langileekin harremanetan jarria zen, motor bat lortua zuen, Zaragozako museo batean Derlan motorren plano originalak lortu zituen, Basorren sortzaileen familiarekin elkartu zen... Ho­rrela, bu­ru-belarri jarri zen lanean.

Hainbat lekukotza

Alde batetik, merchandising- a sortu zuen, proiektua aurrera eraman ahal izateko diru apur bat lortzeaz gain, gaia herrian zabaltzeko. Zehazki, petatxoak, katiluak eta posterrak egin dituzte, eta ondoko tokietan daude salgai: J. M. Roteta eraikuntza etxearen egoitzan, 310 saltokian, Olatxo harategian, Wanda surf dendan, Aitan Toldua Merkatu plazako postuan, Vista Alegreko auzo elkartean eta Lakari kooperatibaren lokalean. Horrekin batera, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzea ere lortu du.



Hori guztia eginda, hurrengo pausoa  ikus-entzunezkoa lantzen hastea izan zen. Hilabete hasieran hasi zen dokumentala grabatzen Gattiken enpresako kideekin batera, eta «bide onetik» doala jakinarazi du. Itxasoren arabera, hainbat adar izango ditu. Batetik, langile ohiek beren esperientzia kontatuko dute, lekukotza gisa. «Anekdota pila bat kontatu dizkigute», adierazi du Itxasok. Bestetik, Bastarrikaren eta Sorazuren sendiei elkarrizketak egingo dizkie, sorrera nola izan zen azaltzeko.  Horrekin batera, gaia kokatze aldera, Zarauzko hainbat aditurekin ere hitz egingo dute, garai hartako gizartearen eta industriaren testuingurua azaltzeko.

Azkenik, motor klasikoen munduari buruzko hainbat gako jasotzeko, Espainiako hainbat aditurekin hitz egingo dute. «Aditu batek 60ko eta 70eko hamarkaden artean Espainia mailan izan ziren motor marka guztiak bildu zituen liburu batean; tartean, Derlanen eta Boarren –urte batzuetan Derlanekin lanean jardun zuen etxearekin– inguruan idatzi zuen.

«Helburua da gertatu zena kontatzea, herriaren memorian gera dadin», nabarmendu du Itxasok. Asmoa du Aste Santua bitartean elkarrizketa guztiekin ikus-entzunezkoa ontzea, eta, ondoren, azken ukituak eman eta zorroztea. Ekaina bukaerarako gutxi gorabehera prest izatea espero du.  Azkenik, Modelo aretoan aurkeztea gustatuko litzaioke.

Erakusketa, urrian

Horrekin lotuta, erakusketa bat zabalduko dute Sanz Eneako erakustokian, urria aldean. Bertan bilduko dituzte lekukotza ugari, «agian dokumentalean jasotakoak baino luzeagoak», eta baita lortzen dituzten motor modelo guztiak ere. «Momentuz zazpi motor ditugu hitzartuta, eta ahal den heinean, beste bost lortu nahi ditugu, guztiak modelo ezberdinetakoak», zehaztu du. Caceresen eskuratu zuen motorrarekin egin bezala, Donostiako laguna hartuta, Espainiako hainbat herritara eta hiritara bidaiatu zuen Itxasok, eta hiru motorrekin itzuli ziren Euskal Herrira.



 Zehaztu du lortu duen azken motorra, garai batean Trinitate kalean zegoen Fraca ardotegikoena zela. «Ardoak banatzeko erabiltzen zuten. Motorrean plaka bat ageri da: Jesus Fraca izen-abizenak daramatzana». Itxasok oraindik ere ez du lortu fracatarrekin harremanetan jartzea. Horregatik, haiekin kontaktuan jartzen laguntzeko edo, oro har, proiektuarekin kolaboratzeko derlanzarautz@gmail.com helbidera idatz daiteke edota 605 75 67 39 telefonora deitu.

Hilabete eta erdiz egongo da ikusgai erakusketa, eta gero asmoa dute beste udalerri batzuetara eramatea; Tolosara eta Eibarrera, esaterako. Itxasok aitortu du lan handia ematen diola, baina egitasmoa asko ematen ari zaiola. «Egin behar dudan zerbait dela sentitzen dut».

Erlazionatuak

Irudietan: Derlan motorrak

Zarautz

Iker Itxaso zarauztarra Derlan motor etxearen inguruko dokumentala eta erakusketa prestatzen ari da; besteak beste, langile ohien lekukotza jaso du.