"Oso pozik sentitzen naiz, eta hemen duzue zarauztar bat nahi duzuenerako"

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 27a, 15:40
Sagardo Eguneko lehen topa; Javier Makazaga omendua, erdian (Aritz Mutiozabal).

Gran Camping Zarautzeko arduradun Javier Makazaga omendu du Zurekin ostalari elkarteak gaur eguerdian, Musika Plazan egin den Sagardo Egunean.

Zortzigarren urtez Sagardo Eguna ospatu dute gaur eguerdian Musika Plazan, Zurekin elkarteak Turismo Bulegoaren laguntzarekin antotatuta. Ekitaldiaren irekiera ekitaldian omenaldia egin diote Javier Makazagari; Gran Camping Zarautzeko arduraduna erretiratu berria da, eta urte luzez egindako lan eskerga aitortuko diote.

Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziaren eta Martin Argiñano Zurekin elkarteko lehendakariaren eskutik oroigarria jaso du Makazagak. Omenduak esker hitzak izan ditu: "Oso pozik sentitzen naiz, eta hemen duzue zarauztar bat nahi duzuenerako". Jarraian, aurreskua egin diote, eta Motxian bertso eskolako Markel Eizagirre, Beñat Jauregi Fede eta Aimar Sorazuk bertso bana abestu ondoren, lehen topa egin dute elkarrekin.

Zortzi sagardogilek hartu dute parte ekitaldian: Aiako Izetak eta Satxotak; Adunako Aburuzak;  Astigarragako Lizeagak eta Petritegik zein Usurbilgo Aginagak, Saizarrek eta Urdairak. Sagardoa dastatzeaz gain, Km 0. Baserria ekimeneko txuleta pintxoak jateko aukera izan dute bertaratu direnek. Urtero bezala, giro ederra sortu da Musika Plazako kioskoaren bueltan.