Javier Makazaga: "Iñurritzako belardia kanpin dendaz josita egoten zen garai hartan"

Aritz Mutiozabal 2018ko urt. 30a, 09:00
Javier Makazaga (Aritz Mutiozabal).

Gran Camping Zarautzeko arduradun Javier Makazaga (Zarautz, 1954) omendu zuen Zurekin ostalari elkarteak larunbat eguerdian, Sagardo Eguneko irekiera ekitaldian.

Nola jaso duzu omenaldia?
Egia esan, zeharo ustekabean etorri da, ez bainuen inolaz ere espero. Deitu nindutenean, ea ongi hausnartu ote zuten izan zen nire lehenengo erreakzioa. Baina, ondoren, pentsatu nuen zerbaitegatik izango zela.

Gran Camping Zarautzek 1964­an ireki zituen ateak, eta gaztetatik bertan izan zara.
Hala da, bai. Gurasoek eta osabak ireki zuten 1964an, eta ni hasieratik han ibiltzen nintzen, tolestatzen eta bestelako lan batzuetan. 13 urte nituenean baserritik irten ginen, eta gero ostalaritza ikasten hasi nintzen: lehenik eta behin, urtebete egin nuen Corderitorenean; gero, taberna ireki nuen; eta, ondoren, berriro kanpinera itzuli nintzen. Kanpineko arduradun bezala, 39 urte egin ditut.

Erretiroa hartu berri duzu, gainera.
Urtarrilaren 17an hartu nuen erretiroa. Beraz, orain dela gutxi! Baina oraindik bertan jarraitzen dut, pixka bat aholkulari gisa, kudeatzaileari laguntzen. Errelebu kontratu batekin segitzen dut, baina lanak ongi eginda utzi dut nire jarduna. Gainera, bizitza guztia bertan eman eta gero, zaila da kolpera dena uztea eta ateratzea. Izan ere, gure jaiotetxea izan da... Berazadi Zahar zen gure baserria, eta gurasoek eta osabak bertako lurzoruetan erabaki zuten kanpina sortzea.

Eta nola sortu zitzaien kanpin bat eraikitzeko ideia?
Ez dakit ziur! Osabaren bitartez izango zen... Beste izeba bat ere izan genuen, urte luzez Guinean bizitzen aritu zena, eta haren bitartez ere izango zela uste dut.

Nola gogoratzen dituzu kanpina sortu berritako garai haiek?
Garai hartan bazegoen turismoa Zarautzen. Iñurritzako belardia eta kanpinerantz doan bideko zelaia kanpin dendaz beteta egoten zen udan; guztiak atzerritarrak ziren; frantsesak, ingelesak... Orduan, erabaki zen gure lurzoruak egokitzea akanpaleku bihurtzeko, eta ireki genuen egunetik bertatik horiek denak gora igo ziren.

Nolakoak izan ziren lehenbiziko urte haiek?
Hasieran urte gogorrak izan ziren. Baina ez zen ohitura faltagatik, baizik eta garaiko albistegiek informazio okerra zabaltzen zutelako maiz. Adibidez, kanpina beteta geneukala, Frantziako irratiek hemen kolera zegoela eta halakoak esaten zituzten, eta turistak berehala egiten ziguten ospa. Ez dakit zergatik izaten zen, baina oso gogoan dut bete eta bat-batean hustu egiten zela.

Gran Camping Zarautz familia giroko kanpina dela esan al daiteke?
Hala da, bai. Nik duela 39 urte bertako ardura hartu nuenean, jada urte osoan irekitzen hasi ginen. Ordura arte hiru hilabetez bakarrik edukitzen genuen zabalik, uda sasoian soilik. Sartu ginenean leporaino izan zen, eta aldaketa hori eman genuen. Pixkanaka-pixkanaka martxa ona hartu zuen, eta oso ongi aritu gara lanean.

Bezeroek zer estimatzen dute gehien zuen kanpinetik?
Dena! Paraje eder batean dago kokatuta: Zarauzko gain hori kristorena da. Guretzako sekulakoa bada, pentsa turistentzat! Gu Karibera joaten garenean itzela iruditzen zaigun bezala, haientzat hau paradisu bat da. Kokalekua, behintzat, asko estimatzen dute. Jende bat eguzki bila joaten da, baina gaur egun denetarik dago, eta azken urtetan aldaketa handia atzeman dugu alde horretatik.