Otsailaren 15etik aurrera txartela beharko da organikoa eta errefusa botatzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 30a, 18:09
Errefusaren eta organikoaren edukiontziak Araba kalean (Aritz Mutiozabal).

Bitarte horretan errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartelik gabe irekitzeko moduan egongo dira.

Kostako herrietan hondakinak biltzeko sistema berria ezarpen fasean sartu da bete-betean eta bihartik indarrean izango da. Hain zuzen, Aian bihartik beharrezkoa izango da txipdun txartela organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko. Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, aldiz, otsailaren 15era arte errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartelik gabe irekitzeko moduan egongo dira; otsailaren 15etik aurrera, ordea, herri horietan ere beharrezkoa izango da txipdun txartela edukiontziak zabaltzeko.

Egun hauetan Urola Kostako Udal Elkartea gutun bidez txartelak banatzen ari da herritar guztiei. Txartel horrekin etxebizitzari dagokion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko aukera izango dute. Etxebizitza bakoitzari dagokion hondakinen bilketa puntua etxe atarietan jarri dituzten karteletan kontsulta daiteke.

Txartela galdu, hondatu edota oraindik jaso ez duten herritarrek udaletxean edota Urola Kostako Udal Elkartean eskuratzeko aukera izango du. Gainera, hondakinen bilketa modu berriaren inguruan edozein zalantza argitzeko arreta eta informazio zerbitzuak jarri dituzte Kostako bost udalerrietan, astelehenetik larunbatera. Udal Elkarteko webgunean hondakinak sailkatzeko hiztegia ere kontsultatu daiteke, eta etxez etxe eskuorriak banatu dituzte informazio hori helaraziz.


Etxeko hondakin handiak

Hondakinen bilketa sistema berriarekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteak astean behin jasoko ditu etxeko hondakin handiak. Horiek edukiontzien eremuetan utzi behar dira jasotzeko egunaren bezperan, 20:00etatik 22:00etara. Herri bakoitzak bere bilketa eguna du: Aian, igandean; Getarian, astelehenean; Orion, asteartean; Zarautzen, asteazkenean; eta Zumaian, ostegunean.

Etxeko hondakin handi gisa hartzen dira etxeko tresna elektrikoak eta altzariak.