Zarauzko Kirol Sariak 2017

Patricia Damian: «Lan handia eman arren, asko gogobetetzen nau»

Aritz Mutiozabal 2018ko ots. 1a, 08:00
Patricia Damian, Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakaria (Hitza).

Boluntariotzari eskainitako Kirola Bizi Saria emango diote Patricia Damiani, Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakariari, azken urteetan zuzendaritzan eta triatloia prestatzen egindako lanagatik.

Triatloirako harra barruraino sartuta ekin zion bere ibiliari Patricia Damianen Zarauzko Triatoi Elkartean. 2010an sartu zen taldean, eta urtebete geroago jada zuzendaritza batzordeko kidea zen. Inaxio Alguacilen lekukoa hartu zuen ondoren, eta egun elkarteko lehendakaria da. Urte hauetan guztietan egindako borondatezko lana aitortzeko, ostiralean Kirola Bizi Saria emango diote Kirol Sarien ekitaldian.

«Lan handia ematen duen arren, asko gogobetetzen nau», dio Damianek. Momentuz, 2019­ra arte ariko da lehenkadari lanetan, eta ondoren ez du uste jarraituko duenik. «Aire berriak sartu behar du. Zuzendaritza Batzordean badaude proposamen berriak, eta ea horrela erreleboa etortzen den, jendea ikasten joan dadin».

Zarauzko Triatloia herriko kirol hitzordurik nagusienetakoa da, toki guztietako kirolariek parte hartzen dutena. Egun bateko proba da, baina atzetik sekulako lana izaten dela jakitera eman du lehendakariak. «Ekitaldi bat ixten dugunerako, hurrengo urtekoarekin lanean hasten gara. Ia urte osoko lana eskatzen du».

Saria modu pertsonalean jasotzen badu ere, lantalde osoarena dela adierazi du. Horrez gain, herri osoaren laguntzarik gabe triatloi proba aurrera eramatea «ezinezkoa» izango litzatekeela azpimarratu du.