Herritarrak hausnartzen jarri nahi ditu ‘Begirada kontzienteak’ erakusketak

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 2a, 08:00
Erakusketaren aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo eguerdian (Onintza Lete Arrieta).

Egungo garapen ereduaz gogoeta kritikoa eragin nahi du Calcuta Ondoan erakundeak. Bi emakume errefuxiatuk hitzaldia eskainiko dute martxoaren 2an, Sanz Enean.

Norberak zer egin dezake munduko injustiziei aurre egiteko? Horixe da herritarrei sorrarazi nahi dieten lehen galdera Calcuta Ondoan erakundekoek. Horretarako sortu dute Begirada kontzienteak erakusketa. Sanz Enea kultur etxean dago ikusgai, martxoaren 4ra arte. Argazkiak dira nagusi, batez ere garapen bidean dauden herrialdeei buruzkoak. Baina Bermeo eta Donostia ere ageri dira, esaterako, pobrezia eta bidegabekeriak bertan ere badirelako.

Argazkiez gain, hainbat material jarri dute erakusketan; eskuko telefonoak eta txarrantxan kateatutako botak, besteak beste. Informazioa ere bai, eskuorrietan. Izan ere, kontzientzia eragiteaz gain, alternatibak eskaini nahi dizkiete herritarrei. Hala azaldu zuen erakundeko ordezkari Edurne Gallok prentsaurrean: «Batetik, kontziente izan behar dugu zer harreman dagoen egunerokotasunean egiten ditugun ekintzen eta munduan dagoen egoeraren aurrean. Baina, bestetik, ez dugu hausnarketa horretan bakarrik gelditu nahi. Horren kontra norberak egin dezakeena ikustea ere garrantzitsua da». Bere esanetan, banaka zein kolektiboki egin behar da lan egungo garapen eredua iraultzeko.


Emakumea erdigunean

Bospasei gaitan banatu dute erakusketa, eta horietako bat emakumeen egoerari buruzkoa da; horiek jasaten duten diskriminazioari buruzkoa, alegia.

Horretaz gain, martxoaren 2an hitzaldi bat eskainiko dute bi emakumek: bata ekintzaile eta errefuxiatu kurdua da, eta bestea errefuxiatu siriarra. Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du proiektu honen helburuetako bat dela «emakumearen egoera aldatzea», eta jakinarazi du Martxoaren 8ko ekitaldien egitarauan sartu dutela hitzaldi hori.
 
Patxi Elola Lankidetza zinegotziak ere emakumearenganako diskriminazioan jarri du fokua, eta adibide bat erantsi du: «Oxfam erakundearen txosten batek dio zortzi pertsonek dutela 3.600 milioi pertsona txirok adina diru. Zortzi pertsona horiek guztiak gizonezkoak dira, eta ez da kasualitatea».

Proiektua herritar orori dago zuzenduta, baina herriko umeekin lanketa berezia egingo dute. Vazquezek azaldu duenez, herriko ikastetxeetatik bisita gidatuak egitera joango dira haurrak Sanz Eneara, eta besteak beste, hondakinen gaia lantzeko baliatuko dute saioa, «iraunkortasunaren ikuspegitik».