Administrari lanetan aritzen da Maribi Leunda Zarauzko Turismo Bulegoan, eta turismora bideraturiko SICTEC programaren kudeaketa onagatik saria eman zioten urtarrilean Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan. Saria bere izenean iritsi den arren, «langile gehiago daude meritu honen atzean», eta azpimarratu duenez, Jaione Fraile, Joana Azpitarte eta hirurek osatutako lantaldearena da hori guztia kudeatzeko ardura.
Basque Tour euskal turismoaren agentziak biltzen dituen programen barruan, Zarautz izan zen duela hamabi urte martxan jarri zuten SICTEC programaren abiapuntua Kosta bailaran. Programa horren helburua da Zarauzko eta inguruetako turismora bideraturiko enpresen lana erraztea. Parte hartzaileak, orokorrean, enpresa txikiak izan ohi direla eta bakoitzari bere neurriko laguntza eskaintzen zaiola zehaztu du Leundak. «Hasieran, ordenagailu eta paper asko ikusten dituzte, eta beldurtu egiten dira, baina emaitzak ikusitakoan saiatzen dira atzean ez gelditzen», nabarmendu du. Bezeroen bila joaten, merkatuan sartzen eta ezberdintasunak markatzen jakin behar dutela dio; izan ere, funtsean, leihakortasuna sustatzea du xede programak.
SICTEC zigiluak kalitatearekin konpromiso bat eskatzen du. Elikatzen duten plataforman administrazio lanak egiten dituzte. Programan parte hartu nahi duten enpresek baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen dute, formakuntzetara joanez, bisitak jasoz eta abar. Ez dira oso baldintza zorrotzak eta enpresak orokorrean jasotako arretarekin oso gustura daudela azaldu du.
Kostu ekonomikoari dagokionez, Zarauzko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantziatzen dituzte programa hauek. Guztira, 56-57 enpresek hartzen dute parte Kosta bailaran: ostatuek, jatetxeek eta enpresa turistikoek, hain zuzen ere.
Garai eta molde berriak
Gaur egun jende gehienak Internet bidez kontsultatzen duen arren, oraindik ere deiak jasotzen dituzte Zarauzko Turismo Bulegoan herriko eta inguruetako informazio eske. Hala ere, kontu horiek asko gutxitu dira. Leundak dioenez, orain lana gehiago zentratzen da turismoaren inguruan dagoen informazio hori zabaltzera eta bertako zerbitzuen kalitatea hobetzera. Esaterako, eskuorri guztiak gutxienez ere lau hizkuntzatan eskaintzen dituzte. Turismoko langilearen hitzetan, «horrelako ekimenak asko eskertzen dituzte kanpotik datozenek». Oro har, jendeari Zarautzera zergatik etorri behar duen azaltzen ahalegintzen dira publizitatea eginez eta azoketara joanez.
Gainera, zehatza izan da Leunda: «Inork ez du nahi Zarautzen mozkortzea xede duen turismoa sustatzerik». Neurri batean ematen dela dio, baina turismo bulegora jotzen dutenak, gehienbat, familiak direla. Beraien lana, hein batean, herrian jaso nahi den turismo mota bideratzea ere bada, eta gehien lantzen nahiz jasotzen dena familia turismoa dela azaldu du.
Desestazionalizazioa
«Inork ez du masifikaziorik nahi, baina ez dago zalantzarik gure herria Gipuzkoako indartsuenetarikoa dela turismo arloan». Leundaren esanetan, udan publizitate handirik egin gabe ere jende asko hurbiltzen da. Hori horrela, gainontzeko urtaroetako eskaintza lantzen saiatzen dira, ekitaldi kulturalak edota natur ibilbideak sustatuz.
Herriak udan izan duen bisitari kopurua mantendu egin du azken urteetan, «beti maila bertsuan», eta eguraldiak uste baino gutxiago eragiten duela gaineratu du turismo bulegoko kideak. Eguraldi onak askoz ere irudi erosoagoa eskaintzen duen arren, «hondartza turismoa baino askoz ere eskaintza zabalagoa erakusten ahalegintzen gara». Kontuan izan behar da, gainera, erabiltzen dituzten zenbakiak turismo bulegotik igarotzen diren bisitarienak direla, baina herritik igarotzen den turisten kopurua, izatez, askoz ere handiagoa dela.
Aurretik iragarri zuten bezala, 2018an turismo bulego berria zabaltzeko proiektua dago martxan. Kale Nagusiko Mazako lokalean zabalduko dute, baina data zehatzik ez dakite oraindik.