Martxoaren 9ra arte egongo da itxita Getaria eta Zumaia arteko errepidea

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 7a, 16:38
Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide, langileekin, luizia izandako tokia (GFA).

Epe horretatik aurrera errei bakarra zabalduko dute, txandakako pasaerarekin. Ibilbide alternatiboen artean, A-8 autobidea eta Zarautz-Zestoa (Iraeta) Meagan barrena doan GI-2633 errepidea proposatu ditu aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusi duenez, martxoaren 9ra arte egongo da itxita Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidea. Hain zuzen ere, denbora tarte hori beharko dute eremua egonkortzeko, eta bitarte horretan bi udalerrien arteko trafikoa etenda jarraituko du. Hala adierazi du Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek.

«Departamentuko teknikariak lur-irristatzea izan den lekuko goiko eremua ikuskatzen aritu dira, eta egiaztatu da arrisku larria eta berehalakoa dagoela errepideko plataformara berriro ere materialak erortzeko. Hori dela eta, errepidea moztuta eduki beharko dugu errei bat trafikoari irekitzeko egonkortze neurriak hartu arte. Erabiltzaileen segurtasunerako hartu dugun neurria da, nahiz eta egoera desorosoa sortu », azaldu du diputatuak.

Berehala hartuko dituzten larrialdi neurriak ondorengoak izango dira: drainatze zanga bat egitea ura mendi-hegalera iristea ekiditeko, ezpondaren gainaldean hormigoizko habea ainguratu bat jartzea, eta harri-lubeta bat eraikitzea mugimendu gehiago gerta daitezen ekiditeko.


Errei bat zabalik hasieran

Egonkortze neurriak martxoaren 9rako amaitzea aurreikusi dute. eta hortik aurrera txandaka pasaera izango duen errei bat irekiko dutela. Errepidea irekitzeko data gutxi gorabeherakoa dela nabarmendu du Oiarbidek, "datorren hilabeteko eguraldiaren araberakoa baita». Edonola ere, baimenduta egongo da Getariako Askizu eta Zumaiako Artadi auzoetara igarotzea.

Bestalde, mendi-hegalaren azpialdean dagoen lur-erauzketako ezponda egonkortzeko lanak bigarren fasean egingo dituzte, proiektua urgentziaz izapidetu ondoren. Bigarren fase horretan, sareta bat jarriko da buloien bidez ainguratuta. Azken fase horri dagozkion lanek bi hilabeteko irautea aurreikusi dute.

Getaria eta Zumaia arteko errepidea itxita dagoen bitartean, aldundiak ibilbide alternatibo hauek erabiltzea gomendatu du: A-8 autobidea, Meagako gainera doan GI-3391 errepidea, Zarautz-Zestoa (Iraeta) Meagan barrena doan GI-2633 errepidea eta Zumaia (Txikierdi)-Zumaia (Muniasoro) Oikian barrena doan GI-3860 errepidea.