Aurretik egin izan duten bezala, gaur ere poesiari egingo diete lekua malekoiko Marina Txiki tabernan. Rikardo Arregi Diaz de Heredia poeta eta itzultzaile gasteiztarra izango da gaurkoan, 20:00etan. Arregik poeta ibilbide luzea du, eta bere hiru liburuk lortu dute Espainiako Kritikaren Saria. Arabarraren errezitaldiarekin batera, elkarteko kideek aukeratutako Morrissey musikariaren abestiez egongo da girotua gaurko emanaldia.
Abenduan hasi eta gaur arte hainbat artista igaro da Marina Txikitik. Abenduaren 22an aurrez aipatutako poesia errezitaldia eman zuten Martin Bidaurrek eta Iñigo Astizek, eta urte berriarekin batera, Ander Aranburu piano jorzaile donostiarrak pare bat emanaldi eman zituen igaro urtarrilean.
Programazio zabala
Datozen asteetarako ere hainbat emanaldi dituzte programaturik malekoiko tabernan. Otsailaren 24an, Madrilgo Bass Kisjes taldea hurbilduko da Zarautzera big band estiloan beraien konposizioak eta jazz klasikokoak eskaintzera. Martxoaren 17an, berriz, Petti bakarlari beratarraren emanaldia izango da. Erraietatik ateratzen den ahots urratu eta sakona, bluesaren arimaz kutsaturiko doinu ezkorrak eta ilunak dira musikari honen ezaugarririk esanguratsuenak. Apirilaren 13an, bluesaren tradizioa eraberritzen diharduen gitarra jotzaile eta abeslari Iker Piris izango da gonbidatu.
Aipatutakoak dira Tarteka Jazzek oraingoz aurreikusi dituen datak, baina gehiago jakin ahala joango dira programazioaren berri ematen elkarteko kideak. Proiektua musikari amateurrek bultzatzen badute ere, Arrutik azpimarratu du euskal jazzak punta-puntako musikariak dituela, Zarauzko Buffalo taldea edo Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako Ikastegiko musika taldeak, esaterako. Elkartearekin harremanetan jartzeko edo bazkide izateko, posta elektroniko honetara idatzi daiteke: 1goizargibar@gmail.com.