Inauteriak 2018

"Indar berri bat" emanez ospatuko dituzte Inauteriak asteburuan

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 7a, 19:02
Martin ArgiƱano Zurekin ostalarien elkarteko kidea, Iztar Gaztelekuko hezitzailea, Xabier Txurruka alkatea, Joana Merino Marisa Merino dantza eskolako kidea eta Galtzagorriak.

Zarauzko Inauterien egitaraua aurkeztu dute gaur arratsaldean. Iazko arrakasta ikusita, aurten ere konpartsa aterako da kalera, eta horrez gain, diskofesta, erromeria eta mozorro leihaketa izango dira. Sorpresak ere egongo direla iragarri dute.

Zarauzko Inauteriei "indar berri bat" eman nahi izan zieten iaz eta aurten ere ekitaldi berrien alde apustu egin dute horren arrakastatsua izan zen programari indar gehiago emateko asmoz. Egitarau zabala antolatu dute Udalak, Gazteria sailak, Zurekin ostalarien elkarteak, Udaberri jubilatuen elkarteak eta Haize orratz gaztelekuko eta Ludotxo ludotekako hezitzaileek eta Marisa Merino dantza eskolako kideek elkarlanean.

Otsailaren 9an, ostirala, hasiko da egitaraua Merkatu Plazako lehen solairuan antolatuko duten haurrentzako mozorro tailer batekin. Larunbata izango da egun handia eta aurtengoan Torre Luzeatik egingo duten txupinazo jaurtiketarekin emango zaio hasiera. Goizean, mahai jolas erraldoiak egingo dituzte Lege Zaharren enparantzan eta arratsaldean Konpartsaren txanda izango da. Marisa Merino dantza eskolako kideen eskutik, Karibetik izango da aurtengo gaia eta 100 dantzari inguruk hartuko dute parte.

Kale Nagusitik abiatuta, San Frantzisko kalera joko dute. Handik udaletxe aurrera joango dira eta bertan plazari bira emango diote, azkenik, Musika Plazan amaitzeko. Joana Merino dantza eskolako kideak azaldu duenez,"aurtengo gaia dantza latinoak direnez, giroa berotzera joango gara. Beraz, guztiok animatzen zaituztegu gurekin ilusio handiz egiten dugun lan hau elkarbanatzera, gogotsu gaude eta denak gonbidaturik zaudete". Honetaz guztiaz gain, zenbait sorpresa izango direla ere iragarri dute, kalera irteteko eta gozatzeko gonbita luzatuz.

Mozorro leihaketa

Zinema Pilotalekuan DJ nerabeen emanaldiak eta mozorro leihaketa izango dira arratsaldean, 12-18 urte bitarteko nerabeentzat. Mozorro leihaketan aldez aurretik eman daiteke izena Turismo Bulegoan edo egunean bertan Txiki Polit tabernan. Irabazleak 250 euro jasoko ditu Zurekin elkarteko establezimenduetan gastatzeko; bigarren sarituak 150 euro eta hirugarren sarituak 100 euro. Sari banaketa 19:30ean izango da Musika Plazan, Drindots taldearen eskutik erromeria hasi ostean. Zinema Pilotalekuko festak jarraipena izango du 21:45ean Nemus DJaren eskutik, eta atsedenaldiaren ondoren, 23:00tatik aurrera ere Drindots taldekoek bigarren saioari ekingo diete Musika Plazan. Udaberri elkartekoek ere mozorro dantza ospatuko dute Udaberri tabernan, 20:30ean.

Otsailaren 11n, igandea, 11:00etan Santa Anako konpartsko kideak Musika Plazan izango dira. Ondoren, erraldoiak, buruhaundiak eta Mauxitxa txaranga izango dira Alde Zaharra girotzen. Aarratsaldean, Potxin eta Patxin pailzok izango dira haurrentzat Musika Plazan eta haur guztiei askaria banatu ondoren, 18:00etatik aurrera Kantu Kolore hur berbena izango da. Eguraldi txarra eginez gero, egun honetako ekitaldiak Zinem Pilotalekuan izango dira. Azkenik, Santa Ana egoitzako lagunek sardinaren ehorzketarekin emango diete amaiera Inauteriei astearte goizean.

Erlazionatuak

Inauterietako egitaraua ikusgai

Zarauzko Hitza 2018 ots 07 Zarautz