Taldeka aurrean ibiltzea da Eulenen erronka denboraldi honetan

Onintza Lete Arrieta 2018ko ots. 9a, 08:00
Elitekoekin ari dira lehian Lessor Basque torneoan, eta asteburu honetan amaituko dute. Irudian, otsailaren 3ko saioa (Martin Early / Jira-Bira Cycling Club)

Lessor Basque torneoan dabiltza beroketa lanetan, eta denboraldia Zumaian hasiko dute 23 urtez azpiko txirrindulariek. Hamabi taldekideetatik zortzi berriak dira.

Beste urte batez, atera da errepidera Eulen txirrindulari taldea. 23 urtez azpiko mutilak Lessor Basque torneoan ari dira parte hartzen azken asteburuetan, Pirinio Atlantikoan. Bi proba jokatu dituzte han, eta larunbat eta igande honetan beste bi saio egingo dituzte. Entrenamendu gisara ari direla azaldu du Jira-bira Cycling Club elkarteko lehendakari Ismael Etxarrik. Izan ere, torneo gehienak geroago hasiko dituzte. Lehenengoa, Zumaian: otsailaren 24an korrituko dute han.

Aurreneko proban oso ondo ibili dira, «frantziarrak kenduta, gure taldeko Aritz Kortabarria izan baita onena. Gainera, kontuan hartu behar da gu 23 urtez azpikoak garela, eta han elitekoekin aritzen garela». Aurreko igandeko proban, esaterako, Euken Gallego aurrean zihoan, baina helmugarako 20 kilometro falta zirenean, atzeko gurpilean zulatua izan zuen. «Hor amaitu ziren gure esperantzak», azaldu du.

Urtero taldean jende berria izaten dutenez, elkarren artean nola moldatzen diren jakiteko ere balio die Lessor Basque torneoak. Ondoren, deskantsu txiki bat egin, eta Zumaiako hitzordua izango dute. Helburuei dagokienez, Etxarrik argi dauka taldeka lan ona egin dezaketela: «Atzerritarren fitxajeekin asmatzen badugu eta hor irabazle bat baldin badago, talde mailan aurrean ibiliko gara».


Taldekide gehienak berriak

Hamabi txirrindulariko taldea izango du aurten Eulenek. Horietatik zortzi berriak dira taldean, tartean brasildar bat, kolonbiar bat eta kataluniar bat. «Albert Muela kataluniarra iaz maila bat gorago aritu zen, eta Irlandan ibili zen korritzen. Txirrindulari brasildarra ere goragoko mailako talde batean dabil, baina Europan nahi du ibili hilabete batzuz, eta gurekin ariko da», zehaztu du Etxarrik.

Bajei dagokienez, batzuk talde handiagoetara joan dira (Caja Ruralera Ander Altuna eta Luis Mari Garikano), eta beste txirrindulari batzuk ere taldez aldatu dira. Taldean jarraitzen duten lau txirrindulariak, berriz, honakoak dira: Gorka Etxabe, Mikel Sarasola, Euken Gallego eta Aritz Kortabarria.


Aurkezpena, hilaren 17an

Taldea otsailaren 17an aurkeztuko dute Zarautzen, egun horretako entrenamendua amaitutakoan. Baina jada aurreratu du Etxarrik aurten ez dagoela herriko txirrindularirik ekipoan. «Txirrindularitzan oso zaila izaten da taldea herrikoekin osatzea; ezin da futbolarekin alderatu. Kontuan hartu behar da, Gipuzkoan hiru talde bakarrik gaudela 23 urtez azpikoetan».
 
Bestalde, txirrindulari gazteek egin dezaketen lanarekin ilusionatuta dago Jira-Birako lehendakaria. Etxabe aizarnazabaldarrak, esaterako, Pistako Espainiako Kopa irabazi zuen iaz. Maiatzetik bajan egon da, baina Etxarrik azaldu du jada ari dela forma hartzen, eta ikusi beharko dela nola hasten duen denboraldia.
Mikel Sarasola ere aipatu du. «Egunotan ikusi dugu beste aurrerapauso txiki bat eman duela, eta ilusioa sortzen digu horrek». Gallegok eta Kortabarriak ere aurrerapauso onak eman dituzte.

Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arituko dira 23 urtez azpikoak lehian. «Lehendakari eta Euskaldun torneoak jokatuko ditugu, 36 proba guztira. Horiez gain, nazioarteko lehiaketetan ere hartuko dugu parte, esaterako, Bidasoako Itzulian eta Nafarroako Itzulian. Frantzia aldean ere ibiliko gara. Guztira, 40 egunetik gora ibiliko gara lehiatzen».