Gorputzarekin nahiz buruarekin

Aritz Mutiozabal 2018ko ots. 8a, 18:00
Judith Gago argazkilaria, bere irudietako batekin (Aritz Mutiozabal).

Judith Gagoren Habit-Arte. Garuna, gorputza eta espazioa argazki erakusketa dago ikusgai Zarauzko Lukas ardotegian. Proposamena bi zatitan dago banatuta, eta otsailaren 22ra arte dago bisitatzeko aukera.

Hitz joko gisa planteatu du Judith Gago argazkilari zarauztarrak Lukas ardotegian (Ipar kalea, 3) paratu duen erakusketaren izenburua. Habit-Arte. Garuna, gorputza eta espazioa du izena argazki bildumak, eta «errepresentatu nahi du nola habitatu zure gorputza eta zure burua». Proposamena bi zatitan dago banatuta: alde batetik, gorputz espresioari erreparatu dio, eta bestetik, berriz, buruari edo pentsamenduari.

Ardotegiaren barrenean daudenak zirku giroko argazki koloretsuak dira, Mutxion ateratakoak, eta sail horrek egingo lioke erreferentzia erakusketaren garunari. «Zeure burua okupatzea bezala da. Izan ere, sistemak emankorra izan zaitezen nahi du edo egiten duzun guztiak arrazoi bat izan dezan, eta honek gehiago islatzen du aisia. Hau da, gauzak egin nahi direlako egitea, gozatzeko, eta, azken finean, behin baino ez garelako biziko», nabarmendu du Gagok.

Establezimendura sartu eta berehala ikus daitezkeen argazkiek, aldiz, gorputza irudikatzen dute: «Espazio bat jada okupatuta duzunean, zeure gorputzarekin habitatzen ari zarela erakustea dute xede». Egileak laburbildu duenez, «gorputz batetik pentsatzen duzu, nolabait esateko». Elkano auzoan ateratakoak dira, batzuk koloretan eta besteak zuri-beltzean.

Argazkietako pertsonaiak emakumekumezkoak dira. «Beti irudikatzen ditut emakumeak, baina horrela ateratzen zaidalako». Lagunak izan ohi ditu bidaide bere proiektuetan, eta horrek erraztasuna ematen diola azaldu du, «baina ez dut inolako eragozpenik gizonezkoak irudikatzeko». Kasu honetan, Luisa Kulp, Ainara Ganuza eta Karla Rochas dira modelo lanetan aritu zaizkion lagunak.

Argazkiak egiteko orduan  hartu-eman zuzena izaten du horietan aterako direnekin, eta nola erretratatzea gustatuko litzaieken galdetzen die Gagok: «Taldelana egitea dut gustuko, eta eskertzen dut beraiek ere niri esatea nola atera nahiko luketen». Erretratuak egiten urtebete pasatxo darama; lehen bidaietako argazkiak ateratzen zituen, gehienbat. «Lagunei argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta zirkukoa izan zen landu genuen lehenbiziko saioa».
 
Oro har, «indar handia» transmititzen duten argazkiak dira erakusketan jarritakoak. Egileak onartzen du irudiotako jendea serio antzera agertzen dela, eta, agian, horrek ere eragina duela, «nahiz eta nik ez diedan esaten serio jartzeko ala barre egiteko».


Lehenbizi, Donostian

Habit-Arte proiektua aurretik ere erakutsia du Gagok. «Donostiako Gros auzoan dagoen Garraxi tabernak ohar bat jarri zuen Facebook kontuan, artista berrien bila zebilela iragarriz. Lagun batek etiketatu egin ninduen sarrera horretara, eta tabernakoek idatzi egin zidaten ea erakusketa bat egitera animatuko nintzateken galdetuz. Eta animatu egin nintzen».

Joan den uda bukaeran izan zuen erakusgai, eta, ondoren, beste toki batzuetara mugitzea erabaki zuen. Orain, orduko erakusketa bera ipini du Lukas ardotegian, eta otsailaren 22ra arte egongo da ikusgai. «Jendea ikusten ari da eta egindako lana aitortzen ari zait. Badirudi gustatzen ari dela».

Aurrera begira, ideia ugari ditu buruan Gagok, baina «oraintxe bertan, lan kontuak tarteko, igandeak bakarrik ditut libre, eta, egia esan, ez dut denborarik proiektu bati heltzeko». Hala ere, «zerbait aldarrikatzaileagoa» egin nahiko lukeela komentatu du: «Pauso bat aurrera eman nahi nuke,  zerbait sendoagoa kontatuz». Gorputz ezberdinak islatu nahi dituela aurreratu du, baina oraindik ideia garatzeko du.