'Bitcoin' diru birtualaz hizketan hasiko du denboraldia ZarautzOn elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2018ko ots. 9a, 12:53
Ezkerretik hasita, Jesus Mari Iraola, Ibai Gesalaga eta Natalia Vahl.

Ibai Gesalaga zarauztarrak emango du hitzaldia asteartean 19:30ean Antoniano aretoan. Uda partera arte antolatu dituzten konferentzien eta ekitaldien berri eman dute gaur prentsaurrean.

Bitcoin: iraultza ala burbuila? izenburupean hitz egingo du Ibai Gesalaga zarauztarrak astearteko hitzaldian. Finantza pertsonaletako coach-a da, eta diru birtualaz azalpenak emango ditu, herritarrek hobeto uler dezaten "azkenaldian horrenbeste entzuten den kontzeptua".

Herritarrak hitzaldira joatera animatu ditu, eta horregatik prentsaurrekoan ez ditu azalpen asko eman nahi izan. Hori bai, berak uste du datozen urteetan zeharo aldatuko dela diruaren mundua eta herritarrek harekin harremantzeko duten modua. "Oraindik hastapenetan gaude, baina Internetek urte gutxira iraultza eragin zuen bezalaxe, diru birtualak ere goitik behera aldatuko du gaur egun ezagutzen duguna. Esaterako, orain jaiotzen diren umeek ez dute dirua erabiliko guk erabiltzen dugun moduan; diru birtuala erabiliko dute".

Diru birtuala zer den ere esan du: dirua bitartekorik gabe erabiltzea eta pasatzea pertsonen artean. Horren garrantziaz jabetzeko, beti adibide bat jartzen duela azaldu du: "Ez zaigu okurritzen komunikabide bakarra egotea eta berori estatuak kontrolatzea. Bada, momentu honetan hori gertatzen da diruarekin. Horregatik dakar hainbesteko aldaketa diru birtualak".

Bitcoin kontzeptua puri-purian dagoelako aukeratu dute gaia ZarautzOn elkartekoek denboraldia hasteko. Juan Mari Iraola lehendakariak gogorarazi du elkartearen helburuetako bat dela berrikuntzak herritarrengana gerturatzea. "Eta zerbait baldin bada berritzailea, hori gai hau da", esan du.

 

Denboraldiko hitzaldi eta ekitaldiak, erabakita

Aurreko urteetan bezala, aurten ere urtea bi zatitan banatu dute. Ekitaldien datak gerturatu ahala informazio zehatzagoa emango dute, baina  uda arterakoak aipatu egin ditu Natalia Vahl lehendakariordeak. Hala, Martxoaren 8arekin lotutako hitzaldi bat eskainiko du Josetxu Rivierek aste horretan. Izenburua, hauxe: Berdintasunaren erronka: gizonak gizarte eredu berri baten aurrean.

Martxoan beste hitzaldi bat ere izango dute. Manu Olariaga Teknaliako estrategia eta berrikuntza zuzendariak hartuko du parte.

Maiatzean, berriz, EHUko proposamen bati helduko diote: zientzia eta bertsolaritza uztartzea, alegia. "Bizkaian arrakasta handia izan du, eta orain Gipuzkoan esperimentatu nahi dugu", esan du Vahlek.

Horrez gain, 15-20 laguneko tailerrak egingo dituzte. Lau tailer antolatu dituzte udara bitartean: blockchain-ari buruzkoa (bitcoin diru birtuala sortzeko beharrezko elementua da); bilera eraginkorrak egiteari buruzkoa; elikadura osasuntsuari buruzkoa; eta Maiatzaren 68ari buruzkoa.

Azkenik, hiru bisita gidatu prestatu dituzte: "Donostiako Untzi Museo eraberritura joango gara, Goizuetako beltza izango da beste bisita bat, eta EITBren Bilboko instalazioena, hirugarrena", jakinarazi du Vahlek.

 

Orain arteko datuak

Bestalde, ZarautzOn elkarteak bere ibilbidean lortu dituen datuak aipatu ditu Iraolak. 2014an hasi ziren hitzaldiak eta ekitaldiak antolatzen zarauztarrentzat, eta lau urtean 40 konferentzia, sei tailer eta 13 bisita gidatu eskaini dituzte. Horrez gain,  bi dokumental egin dituzte. Hitzaldietan "5.451 ikusle presentzial izan ditugu, eta 2.646 lagunek streaming bidez jarraitu dituzte gure saioak", nabarmendu du.