EH Bilduk jarraipena emango dio Santa Klarari buruzko parte hartze prozesuari

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 9a, 17:51
EH Bilduko kide Mikel Goenaga eta Ane Arruti (Aritz Mutiozabal).

Dozena bat bilera egin ditu koalizioak orain artean, eta komentuaren inguruan "kezka eta beharra" antzeman du herriko eragileen artean. Datorren ostegunetik hasita, lau bilera egingo ditu auzoz auzo datozen asteetan.

EH Bilduk Santa Klara komentuaren inguruko parte hartze prozesua abiatu zuen joan den urrian, adin eta alor ezberdinetako herriko hainbat eragilerekin, eta behin bilera horiek eginda, ikusi dute "kezka eta beharra" badagoela. "Elkartzeko tokien beharra, kultura azpiegituren beharra emanaldietarako nahiz ikastaroak egiteko, ikasteko eta sortzeko espazioena, liburutegi handiago eta duinago batena, mediateka, bilera gelak, beste mota batetako jolasparkeak... Herria hazten ari da populazioz, baina zerbitzuak ez dira proportzio berean hazten ari", nabarmendu du koalizioko kide Ane Arrutik.

EH Bilduren iritziz, "Santa Klara herritarren esku egoteak, gainerako espazioen berrantolaketa ekarriko luke, eta zerbitzuen kalitatea hobetzeaz gain, hainbat talderen beharrak hobeto egokitzea erraztuko luke". Hori horrela, datozen asteetan parte hartzearen bigarren faseari helduko diote, eta bilera irekiak egingo dituzte hainbat auzotan, "uste dugulako herri guztiari eragiten dion erabakia dela".

Lau bilera iragarri dituzte, laurak 19:00etan hasita, ondorengo egunetan eta tokietan: otsailaren 15ean, Iñurritzako auzo elkartean; otsailaren 21ean, Aritzbatalde kiroldegiko aretoan; otsailaren 28an, Vista Alegreko auzo elkartean; eta martxoaren 7an, gaztelekuan. Saio horietan jasoako proposamenekin txosten bat osatu eta Zarauzko Udalean erregistratzeko asmoa du EH Bilduk.

"Herriarena izan behar du"

Hutsik gelditu den komentua "herriaren erdian" kokatzen denez eta "aukera handiak" ematen dituenez, "behar-beharrezkoa ikusi genuen herritarrak entzutea, jakiteko zer iritzi duten horren inguruan eta zer-nolako aukerak ikusten dizkioten jakiteko", azaldu dute koaliziotik. Dozena bat bilera egin dituzte orain artean, eta "horietan guztietan ondorio bat nagusitu da, eta da Santa Klarak herriarena izan behar duela".

Taldeen eta norbanakoen elkargunerako espazio baten "beharra" ikusteaz gain, halako zerbaitek "aukera ugari" eskainiko lizkiekela esan diete eragileek. Horren harira, "badira talde batzuk beraien burua agian ez dutenak bertan kokatzen, baina Santa Klarak espazio publikoen berrantolaketa bat ahalbidetuko lukeenez, beraien beharrak asetzeko eta egoera hobetzeko modua ikusten dute".

Kudeaketa aldetik, "zalantza gehiago" jaso dituztela jakinarazi dute EH Bilduko kideek. "Udalak zuzenean kudeatzea, eragileen artean autogestionatua izatea, bien arteko formula bat... Enpresa pribatu bati kudeaketa osoaren ardura esleitzea baztertu egin dute eragileek eta adierazi digute eurek ere parte izan nahi dutela erabakietan". Gai horrek "hausnarketa sakon bat" merezi duela uste dute, "herritarren parte hartze zabalarekin egin beharko litzatekeena".

Beste zalantzetako bat irisgarritasuna dela azaldu du Mikel Goenaga koalizioko bozeramaileak: "Santa Klara ondo-ondotik pasatzen den trena oztopo gisa nabarmendu dute hainbat eragilek". Horrez gain, komentua erosteak eta egokitzeak izan dezakeen kostu ekonomikoagatik ere hainbatek kezka azaldu dutela ere aditzera eman du.

EH Bildutik, era berean, eskerrak eman dizkiete haiekin biltzeko borondate eta prestutasuna azaldu duten guztiei. Saioak "oso aberasgarriak" izan direla nabarmendu dute; izan ere, Santa Klararen etorkizunaz hitz egiteaz gain, Zarauzko egungo egoeraz, talde bakoitzaren egoeraz, zailtasunez nahiz erronkez gertuagotik hitz egiteko eta "aurrez aurre partekatzeko" aukera izan dute.