Xabier Zabala: «Ematen du musikak hitza behar duela osoagoa izateko»

Maider Galardi F. Agirre / Berria 2018ko ots. 13a, 11:37
Xabier Zabala, grabatzen. (Xabier Lertxundi)

Berria egunkariak Xabier Zabala musikaria elkarrikzetatu du, bere bakarkako Brisa diskoaren harira.

Joan den urteko Korrikako Zirkorrika kantuaren sortzailea, Korrontzirentzako hainbat lanen zuzendaria, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskografiako musikaren egilea, Donostiako 61. Zinemaldiaren musika konpositorea... Hogei urtez ezagun egin diren hamaika lanen atzean egon da Xabier Zabala musikaria (Zarautz, Gipuzkoa, 1967). Lehen aldiz «biluztu» da, ordea, publikoaren aurrean, bakarkako lana argitaratuta. Urte horietan guztietan konposatutako kantuak bildu ditu Brisa diskoan.

Hogei urtez besteentzako lanak eginda, Xabier Zabala-go sentitzen zara bakarkako lehen lan honetan?
Besteentzako lanak eginda ere, kanpokoek igartzen dute nire sinadura dagoela. Nire zigilua nabari da beti. Hogei urteotan, besteentzako 30 disko ekoitzi ditut, eta guztiak sentitzen ditut nireak izango balira bezala. Brisa, nirea izateaz gain, pertsonalagoa da. Urteotan denbora apur bat nuenean, inolako premisarik gabe konposatu ditut abestiak.

Beraz, lehen aldia da publikoan biluzten zarela?
Musikalki bai. Hasieran, kantu horiek egiten nituen niretzat; musika terapia da niretzat. Ez nuen asmorik argitaratzeko, baina aitzakia ona izan da hogei urte bete direla lehen ekoizpena egin nuenetik. HikHasi-rentzat izan zen lehen lan hura.

Ordutik, nola hazi zara musikari moduan?
Urteotan, denetarik egin dut. Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat egiten ditut kantuak, eta azkenaldian ikus-entzunezko munduan esperimentatzen ari naiz. Bestelako enkargu musikalak ere egin izan ditut, baita orkestretarako eta txistu bandentzako zenbait konponketa eta konposizio ere. Eta aitortu behar dut oso eroso sentitzen naizela. Niri gustatzen zait horrelako lanak egitea, sentitzen dudalako beti ari naizela ikasten. Beti bada erronka bat, eta hori ederra da.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus