Azken Portuko jaiak abuztuan ospatzen badira ere, aurtengoan aurreratu egin dituzte ospakizunak. Datorren larunbatean, otsailaren 24ean, Bertso Eguna antolatu du Komisiyuak egitarau zabalarekin.
Arratsaldeko 16:30ean emango diete hasiera egunari Plaza Berrian Belarrioren omenezko I. Bertso Paper Lehiaketarekin. Bi kategoria ezberdinetan banatuko da lehiaketa. 16 urtetik beherakoetan lehenengo saria Toki Ona jatetxean bi pertsonentzako afaria eta gaueko ekitaldietarako bi sarrera izango dira. 16 urtetik gorakoetan, berriz, Urdaneta jatetxean bi pertsonentzako afaria eta gauerako bi sarrera. Bertso paperak 18:00etarako aurkeztu beharko dira eta sari banaketa 19:00etan hasiko da.
Sariak banatu ondoren Triki Pintxo Poteoa egingo dute Plaza Gorritik Putzuzulo gaztetxeraino, eta bertan, 21:00etan patatak errioxar erara jateko aukera egongo da. 22:00etan bertso saioa hasiko da, Sustrai Colina, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Beñat Jauregi, Amets Arzallus eta Oihana Iguaranen eskutik. Horren ostean, 00:00etan, Bi Bala taldeak kontzertua emango du gaztetxean bertan.
Sarrerak Juli-Juli tabernan egongo dira salgai 5 eurotan.