Inaxio “Isasti” (2018-II-10)
Doinua:
“Iparragirre abila dela”
-1-
Bi mila eta hamazazpiko
Udal artxibo datuak
Hiru mila seiehun ta berrogei
txakur zeuden zentsatuak
Hori Zarautzen bertan
Jar gaitezen alertan
Eta horrez gain katuak
Zenbaki hauek dirudienez
daude egiaztatuak (bis)
-2-
Pentsatu eta ondorenean
kontuak ditut atera
Hogei pertsonatik hiru txakur
dira gutxi gora behera
Kopurua larria
Guztiz kezkagarria
Hau bidezkoa ote da?
Jende gehienak nere ustetan
ez du jakingo.Bai zera!!! (bis)
-3-
Egoera honen eragina
herrian da nabarmena
Susto bat edo besteri gehituz
kaleetan kakarena
Egoten dira nonhai!!!
Behera begira, ernai!!!
ibiltzea da onena
Ta hala ere zapaltzen dira
Horixe da okerrena(bis)
-4-
Txakur jabeak esaten dute
Gureak behintzat ez dira!!!
Guk beti jaso izan ditugu
zaku hauetan, begira!!!
Erruduna bestea
Erraz da esatea
Guztiak egi balira
kuxidade hau ez zen egongo
Egin, egin herri bira!!!(bis)
-5-
Arazo honi irten bide bat
izan liteke hau, hala!!!
Orain txakurrak erroparekin
joatea denez normala
Soinean paketea
denak eramatea!!!
haurrak ohi duten bezala
Gero etxera heldutakoan
aldatzeko berehala (bis)
-6-
Txakurrak noski ez du ikasi
esaten “badator kaka”
Beste bide bat izan liteke
dabilkitena bueltaka
Ipurdian alarma!!!
Txirrin-txirrin, ze xarma!!!
Eta jabeak presaka
kaka pastilak jasoko ditu
Hori ez al da bentaja?(bis)