Juan Azpillaga: «Biniloa desagertzear zen, eta modernoenen eskutik itzuli da»

Maialen Unanue Irureta / Berria 2018ko ots. 14a, 10:40
Juan Azpillaga (Hitza).

Juan Azpillagak musikari buruzko artikuluak idazten ditu Euskarazko Wikipedian, «efemerideek erakarrita»; 50. urteurrena bete duten musika munduko gertaerez idazten du bere denbora librean. Maialen Unanue Iruretak elkarrizketatu egin du Berria egunkarirako.

Gaixotasun larri bat izan zuen 2012an Juan Azpillagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1959), eta lanerako ezintasun osoa du geroztik. Irakaslea zen lehen, eta wikilaria da orain: musika du zaletasunik handienetako bat, eta horren inguruan idazten du Euskarazko Wikipedian.

Mila gauza egin zenitzake denbora librean, baina Euskarazko Wikipedia elikatzen duzu: zergatik?
Joan den urtean hasi nintzen. Pentsioduna naizenetik, besteak beste, ingeleseko eskolak hartzen hasi nintzen: irlandar batekin mintza praktikak egiten ditut astean behin, Urrestilan, eta hark animatu ninduen. Hasieran, beste ideia bat nuen buruan, baina ez zen atera, eta musikaz idatz nezakeela pentsatu nuen, eta euskaraz, gainera.

Musikarekin lotutako artikuluak idazten dituzu soilik, ezta?
Bai, izan ere, nik dakidana, gutxi hori, musikaz da... Nire afizioa eta pasioa da, eta gustura idazten ditut horrekin lotutako artikuluak.

Nondik datorkizu zaletasun hori?
Oso gaztetatik: 10-12 urterekin hasiko nintzen musika entzuten, disko jogailua zeukan lagun baten etxean: propio joaten ginen, Rolling Stones eta Beatles entzutera.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus