40 urte ekitaldi eta eskaera

Onintza Lete Arrieta 2018ko ots. 15a, 08:00
AloƱa Bidezabal eta Rosa Rodriguez, auzo elkartean, igandean banatuko dituzten kopa eta dominekin (Onintza Lete Arrieta).

1978an sortu zuten Itxasmendiko Auzo Elkartea, auzoko arazoak konpontzeko .Igandean haurrentzako lasterketa eta hamaiketakoa egingo dituzte

«Auzoan zeuden arazoak konpontzeko sortu zen elkartea», azaldu du Itxasmendi auzo elkarteko egungo presidenteak, Aloña Bidezabalek. 1978. urtea zen. 40 urte bete ditu aurten elkarteak, eta igande honetan ospakizun txiki bat egitekoak dira. Hala, eguna korrika saioekin hasiko dute, eta ondoren hamaiketakoa eskainiko diete denei.

40 urte hauetan elkartean lanean aritu diren auzokideentzat ere mokadutxoa egongo da. «Handikeriarik gabe, lasterketa amaieran hitz batzuk esango ditugu, eta gero elkarrekin mokadutxoa hartuko dugu», zehaztu du Bidezabalek. «Urte hauetako aktak begiratzen aritu gara, eta hogeita hamar bat laguni deitu diogu, hamaiketakora gonbidatuz. Izan ere, elkartea orain 40 urte sortu zenez, asko hilik daude», azaldu du Rosa Rodriguez diruzainak.

Boluntarioen lana goraipatu dute biek. «Musutruk egiten den lan hori gabe ez luke aurrera egingo honek». 40 urtean boluntario asko aritu dira, eta orain Bidezabal eta Rodriguez dira elkartean gehien dabiltzanak, baina inguruan badute laupabost laguneko taldetxo bat. «Erretiratutako auzotarrak dira, eta beraien esperientzia onuragarria da guretzat». Lan boluntarioa gustura egiten dute, «bueltan esker ona jasotzen delako».


Erronka, soinu panelak

Auzo elkarteak aisialdiko ekitaldi asko prestatzen ditu urtean zehar, eta auzotarrak biltzeko lokala ere badu, gune fisiko bat. Baina, horretaz gain, auzoan dauden arazoak konpontzeko tresna ere bada. Udalean eskariak aurkezten dituzte, eta 40 urte hauetan hainbat hobekuntza lortu dituztela azpimarratu dute. «Auzoa konpontzeko lanean aritzen gara». Biribilgunea, esaterako, «lortu da udalari presio asko egin diogulako».

Parkeak konpondu dizkiete, hesiak jarri ibai ertzean, eta abar. «San Pelaioko geralekua ere azkenean konpondu dute, trenaren eta geralekuaren artean tarte handiegia zegoelako, haur kotxe bat erortzeko adinakoa bai».

Eskaera gehiago badituzte oraindik, ordea. Garrantzitsuena, autobideko zarata gutxitzeko soinu panelak jartzearena. «Azken Portu Goian lortu dute jartzea, guk oraindik ez. Askotan eskatu dugu, eta noizbait iritsiko da».

Auzo elkarteak balio die batuta indarra egiteko. Batzuetan gauzak eskatzeko, eta beste batzuetan, udalaren asmoei kontra egiteko. Adibide bat eman du Rodriguezek: «Iaz, biribilgunea egin aurretik, Itxasmendiko azken etxeen atzeko baratzeak kendu nahi zituen udalak. 500 autorentzat aparkalekua jarri nahi zuten, eta auzoa mobilizatu egin zen horren kontra».

Gai batzuetan ados egon ez arren, auzo elkarteak harreman ona du udalarekin. «Beti ondo konpondu gara Zarautzen egon diren Udal Gobernuekin. Ondo tratatzen gaituzte», esan dute.

Auzoa asko aldatu da 40 urte hauetan. Elkarteak lokala duen eraikina, esaterako, askoz geroagokoa da. «Hau guztia lur mendixkak ziren, eta orain Eroski dagoen tokian, adibidez, Alfa lantegia zegoen», gogoratu du Rodriguezek. Aldaketak aldaketa, ordea, beti egon da eskaerak egiteko beharra. Hain zuzen, hala sortu zuten auzo elkartea: «Garai hartan herrian hainbat eraikin eta urbanizazio egiten ari ziren, eta Itxasmendiko bizilagunak elkartzen hasi ziren, konpontzeko gauza mordoa ikusten baitzituzten hemen ere», azaldu du Bidezabalek. Horregatik, «elkartean dauden beteranoen esperientzia benetan baliagarria» dela azpimarratu du.

 
Ekitaldiak urtean zehar

Eskaerak eta borrokak alde batera utzita, urtean zehar hainbat jarduera egiten dute auzo elkartean, batez ere haurrei zuzenduta. Txokolate jana egin berri dute, esaterako, joan den astean. «Urtean bitan egiten dugu, giroa pixka bat alaitzearren, Inauterietan eta San Joan bezperan». Nabarmendu dutenez, ekitaldiak herritar ororentzat izaten dira, ez bakarrik auzokoentzat.

Hilero izaten dute zerbait: ipuin kontalariak, magoak eta halakoak. Negu partean, hileko azken igandetan filmak ikusten dituzte lokalean bertan. «Umeentzako filmak jartzen ditugu, eta nahikoa arrakasta izaten du». Lokala auzokideek festa-askariak egiteko ere erabiltzen dute. «Horrek lan asko eskatzen du, kontrolatu beharra baitago guztia. Esaterako, auzokoek bakarrik erabiltzea eskatzen dugu, hau zabalik egon dadin kuota bat ordaintzen dugulako auzotar guztiok».

Berez, sinbolikoa da ordaintzen dena, etxepe bakoitzeko ordaintzen delako. «Auzotar bakoitzak urtean 2,5 euro ordaintzen ditu, eta gutxi izan arren, lagungarria da. Gainera, udalak ere diru laguntza ematen digu, bestela ezingo genukeen erdia ere egin», kontatu du Rodriguezek.


Igandean hitzordua

Urteurrena ospatzeko, egitarau «xumea» prestatu dute. «Atzeko lan asko eskatzen dute honelako kontuek, eta gure gaitasunen araberako ospakizuna egingo dugu», azaldu dute. Hala, Itxasmendiko Auzo Lasterketa egingo dute eguna hasteko. HH3-DBH2 arteko gaztetxoentzako prestatu dute, eta parte hartzaile guztiak sarituko dituzte. 11:00­etan hasiko dira txikienak pistan korrika nahiz «moto eta patinekin». Handienek, berriz, bidegorriko pistan egingo dute korrika saioa. «DBH1 eta 2koek auzoari buelta osoa emango diote bidegorrian egin diguten pista berrian», zehaztu du Rodriguezek.

Lasterketan parte hartzeko izena momentuan eman beharko dute umeek, badakitelako eguraldiaren arabera gerturatuko direla asko. Baina badaezpada ere, kaxa bete domina dute, parte hartzaile guztiak sarituko dituztelako. Gainera, oroigarri gisa, dominei jarri diete auzo elkartearen urteurrena dela. Saioa irekia dela ere gogorarazi dute,herriko edozein haurrek har dezake parte. 13:00 inguruan bukatuko da, eta ondoren, hamaiketakoa egongo da guztientzat. Jan-edanaren zati bat Eroskik eman die, eta Kultura Sailak ere lagundu die.