Datorren astean ekingo diote Azken Portu Goiko igogailua jartzeko lanei

Aritz Mutiozabal 2018ko ots. 15a, 14:12
Xabier Txurruka alkatea, igogailua eraikiko den eremuan, proiektuaren muntaia eskuetan duela. (Aritz Mutiozabal)

Construcciones Moyua S.L.-k egingo ditu azpiegitura eraikitzeko lanak, 17 asteko epean. Aurreikuspenen arabera, aurtengo ekainerako erabilgarri egotea espero du udalak.

Datorren astean hasiko dira egiten Azken Portu Goia eta Salbide lotuko dituen igogailua eraikitzeko lanak. Zarauzko Udalak Construcciones Moyua S.L. enpresari egokitu dizkio obrak, eta 17 asteko epea izango du horretarako. «Beraz, ezustekorik ez bada, bizilagunek auzora igotzeko eta jaisteko igogailua izango dute aurtengo ekaina bukaerarako», jakitera eman du Xabier Txurruka alkateak. Gaineratu du agintaldi honetako inbertsio garrantzitsuenetako bat dela proiektu honena, esleipenaren aurrekontua 757.051 eurotakoa izanik (BEZ barne).

«Apustu sendoa egin dugu irisgarritasuna bermatzeko altueran dauden Zarauzko auzo jendetsuenetara.  Beraz, Vista Alegreko igogailuak jartzeko lanak apirilean hasiko badira, Azken Portu Goikoarekin hilabete honetan ekingo zaio». Alkatearen hitzetan, Zarauzko Udalaren lehentasuna da herritarren bizi kalitatea hobetzeko ekimenak bultzatzea, eta «Kasu honetan, beste instituzioen laguntzarekin ahalbidetuko dugu igogailu hau ipintzeko proiektua».

Horren harira, Txurrukak nabarmendu du proiektua aurrera eramateko «diru laguntza garrantzitsua» jaso duela udalak Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak diru laguntza lerro bat du udalei eraikinen eta hirien irisgarritasun planak egin eta irisgarritasuna hobetzeko obrak egin ahal izateko –besteak beste, hiri igogailuak eraikitzeko–, eta lerro horretatik 150.000 euroko laguntza jaso du.


Pasarela batekin

Hamahiru metro inguruko garaiera izango du egiturak, Salbideko Iturribide kaletik altxako dena; ludotekaren ondoan dagoen zebrabidearekin egingo du bat igogailuko ateak, Salbideko iturritik hamar bat metrora; eta bidegorria azpiegituraren atzetik igaroko litzateke. Trenbide gainetik, pasarela baten bitartez, iritsi ahal izango da Azken Portu Goira, Lanpardo kalera.

Eusko Trenbide Sarearekin adostu dituzte beharrezkoak diren baimen guztiak. Izan ere, «bizilagunek pairatuko dituzte obra batek dakartzak eragozpen guztiak, baina eraginik  handiena langileek izango dute, trenbidearen inguruan aritu beharko dutelako lanean. Horrek protokolo batzuk betearaztera ekartzen die langileei, eta hori da obra hauek aurrera eramateko zailtasunik handiena», kontatu du alkateak. Hain zuzen ere, «iritsiko da eguna egitura hori, pasarela hori, kanpoan muntatu eta trenbide gainetik garabi baten bitartez muntatu beharko de­na», zehaztu du.

Azken Portu Goia eta Vista Alegre auzoetara iristeko herribusa egon badagoen arren, autobus zerbitzuak ez duela orduero funtzionatzen gogorarazi du Txurrukak. Hori horrela, «gure helburua da, irisgarritasuna bermatze aldera, bi igogailuak 24 orduz martxan egotea».