Jatorrizkoak iraultzeko festa

Amaia Urbieta Arruti 2018ko ots. 16a, 07:30
Gaztetxio abesbatzako kidean entseguan Putzuzulo gaztetxean

Bertsio Gaua ospatuko dute bihar gauean Zarauzko Putzuzulon. Gaztetxeko urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat da, eta urtero bezala parte hartze handia espero dute.

Larunbat honetan ospatuko dute hamabigarren aldiz Bertsio Gaua Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Eraikina okupatu eta handik urtebetera, 2006an, egin zuten lehenengo aldiz, eta harrezkero urtero-urtero jardun dira antolatzen. Asanbladako kide den Hodei Estebanek azaldu duenez, hasieran gaztetxearen urteurreneko hilabetean antolatzen zen gaua apurka-apurka dimentsio handia hartzen joan zen eta urteurrenetik ateratzea erabaki zuten, prestaketa lan handia eskatzen duelako. 

Normalean gaztetxera joaten ez den jende asko erakarri izan du Bertsio Gauak hasieratik. Estebanen esanetan, urtero 300-400 pertsona inguru elkartzen dira gaztetxean, eta 30 taldek ematen dute izena gutxi gorabehera. Kalkulatzen dute ehun musikari inguru igarotzen direla oholtza gainetik.
«Positiboena da berez musikaria ez den jende asko animatzen dela zerbait egitera», dio Putzuzuloko kideak. Gau horretan, beraz, posible da sekula oholtza gainera igoko ez litzatekeen jendea musikari gisa ikustea. «Konfiantza giroa sortzen da, eta entretenigarria da herritarrentzat, une oro ikusi dezakeelako ezagunen bat oholtza gainean».

 

Parte hartzea ardatz

Festaren ezaugarrietako bat da antolakuntzan jendeak izaten duen inplikazioa. Aldez aurretik eginiko bilera batean banatzen dituzte lanak, eta denen artean osatzen dituzte barrako txandak, garbiketa eta bestelako ardurak. Beraz, pertsona bat une batean izan daiteke publiko, handik ordubetera musikari, eta handik ordubetera barrako langile. Musikari askok materiala ere elkarbanatu egiten dute.  
Arau bakarra dago: parte hartzaileek ezin dituzte abestiak errepikatu. Alegia, aurreko urteren batean interpretatutako abestiak ezin dira berriz jo. «Egia esan, zalantzagarria da beti errespetatu den edo ez», dio asanbladako kideak.

Musikari dagokionez, denetariko bertsioak entzun daitezke. Askok ez dute izaten nahikoa denbora entseguetarako. «Oso berde iristen gara»â€ˆadierazi du Estebanek.  «Gainera, gaua luzea da, eta eszenatokian denetik ikusten da, baina giroa sortzeko gakoa abestiarekin asmatzea izaten da».  
Normalean, parte hartzaileaak aukeratu duten talde horren paperean sartzeko mozorrotu egiten dira. Estebanek azaldu duenez, hori gako nabarmena da, «gauari beste puntu zoro bat ematen baitio».


Aurten aire berriak

Espero dute aurten parte hartzaile berri asko animatuko direla izena ematera. Danda Gazte Asanblada sortu zenetik, orain arte animatu izan direnez gain,  jende gazteagoa hurbiltzen ari da Putzuzuloko ekintzetara.

Estebanen arabera, hasieran abesti mota «makarragoak» abesten zituzten, baina urteak aurrera doazen heinean, musika mota horren errepertorioa ere bukatzen ari da.  Ondorioz, urtez  urte parte hartzaileen originaltasuna gehituz doa. Aditzera eman duenez, «geroz eta zailagoa den arren, oraindik jendeak badu nahikoa sormen eta irudimen ikusleak harritzeko».

Erlazionatuak