Ainhoa Alberdi: “Antzerkiak probokazio puntua izan behar du”

Izaskun Urbieta 2018ko ots. 16a, 11:12
(Argazkia: Izaskun Urbieta)

Pez Limbo konpainiak joan den astean estreinatu zuen 'Oxido' lana Gasteizen, eta bihar Zumaian bi emanaldi egingo dituzte: euskaraz, 20:00etan, eta gaztelaniaz, 22:00etan.

Oxido antzezlana pasa den astean estreinatu zuen Gasteizen Pez Limbo konpainiak. Hiru mikroantzerkiz osatutako laneko aktoreetako bat da Ainhoa Alberdi (Zarautz, 1969). Lan hori Zumaian oholtzaratuko dute bihar, euskaraz eta gaztelaniaz.

Zergatik erabaki zenuen Oxido proiektuan parte hartzea?
Pez Limbo konpainiak kodigo zehatz baten inguruan egiten du lan, hau da, umore garratzetik lantzen dituzte gizarteko gaiak. Azken finean, muturrera eramaten dituzte gai horiek, batzuetan absurdoa pasatuz eta beti umoretik. Nik atsegin dut molde hori.

Oxido antzezlanak bi bertsio ditu, gaztelaniaz eta euskaraz.
Hiru mikroantzerkiz osatuta dago obra, eta horiek egiteko, sorkuntza kolektiboa egin genuen, mahai baten bueltan ideiak ateraz. Sorkuntza hori gaztelaniaz izan zen, ordea. Ondoren itzuli dugu euskarara Aitor Perez aktoreak eta biok.

Nolakoa izan da sortze prozesua?
Niretzako zerbait berria izan da. Izan ere, nik antzerkia gorputzetik sortzen dut, eta ez hainbeste hitzetik. Iazko uztailean eta abuztuan astean behin elkartzen ginen Gasteizen, eta ederra izan zen lanketa. Identifikatuta genituen zer gai landu, eta, ondoren, gustatzen zitzaigun ildotik sortu genuen gidoia. Hiru piezak Raul Caminok idatzi ditu eta obrako zuzendaria ere bera da. Niretzat luxu bat da lana idatzi duenak zuzentzea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen urolakosta.hitza.eus webgunean.