Minaren errautsetatik

Amaia Urbieta Arruti 2018ko ots. 23a, 08:00
SKAPAko jai batzordeko kide Iker Iñigo ‘Antxus’, Markel Eizagirre eta Xabier Uzin, larunbateko kartelarekin. (SKAPA)

Aurreko urteko festak bertan behera utzi zituen Zarauzko SKAPA jai batzordeak, baldintza «onartezinetan ospatzera behartu» zituztelako. Aurten ideia berriekin datoz.

Urteak daramatza SKAPA jai batzordeak abuztuko festak antolatzeko baldintzak negoziatzen udalarekin. «Lehenengo, salaketa bat medio, Astazubi plaza festak ospatzeko egokia ez zela esan ziguten, soinu eta irisgarritasun arazoengatik. Txosnagunea bertatik mugitzen ez bagenuen garaiko alkatea inputatu egingo zutela». Hala azaldu du Xabier Uzin batzordeko kideak.

Hurrengo urtean festak Astazubitik kanpo ospatu behar izan bazituzten ere, 2016rako bertara itzuli ahal izateko txosten bat prestatu zuten batzordekideek. «Udalak jarritako oztopoei buelta emateko argudioak aurkeztu genituen, jaiak Astazubin egitea posible dela frogatuz, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso».

2017an, Santa Klarako obrak hasi zirenez, Urdaneta kalera itzultzea erabaki zuten, baina, Uzinen hitzetan, «soinu eta ordutegi mugak ez ziren onargarriak. Taldeak izan ziren dezibelio muga horrekin jotzeari uko egin ziotenak». Horren ondorioz, SKAPAk festak bertan behera uztea erabaki zuen. «Gure sostengu ekonomikoa izateaz gain, kontzertuak ere festaren zati garrantzitsua direlako».

Markel Eizagirre batzordekideak dioenez, abuztua hilabete indartsua da Zarautzen. «Azken Portuko festen ostean, amabirjin festak datoz, Zarauzko Aste Nagusia ere sortu dute orain... Badirudi kanpotarrentzat prestatutako hilabetea dela abuztua. Gure helburuetako bat da egun horietan herritarrei babesa ematea, eta baliteke hori batzuei askorik ez gustatzea».

Datorren urterako negoziazioan hasita daude udalarekin. «Bertan behera gelditutako festen ondoren, udalak Zarauzko Aste Nagusiko kontzertuetarako hartutako neurriak guri ezarritakoak baino askoz malguagoak   izan ziren». Horren aurrean, baldintza duinak eskatzen dituen proposamen bat bidali dutela azaldu du Uzinek. Hori bermatu ezean, dagoeneko harremanetan dauden taldeak ez direla jotzeko prest egongo ere esan du.


Bihar, Bertso Eguna

Aurreko udako gertaerek jai batzordeko kideak minduta utzi bazituzten ere, herritarrekin zorretan daudenaren sentsazioa dute oraindik, eta horregatik, urte hasieratik ekintzak antolatzeko asmoa daukate. Lehenengo ekitaldia Bertso Eguna izango da eta bihar ospatuko dute. Bertsoaren inguruko ospakizunak ez dira guztiz berriak jai batzordearentzat, urtero antolatu izan baitute data hauetan Bertso Tourra edo bertso afaria. Aurten formatuz aldatzea erabaki dute, aurreko urteetakoa «ahitzen» ari zitzaiela ikusi zutelako.

Antolatzaileen zor sentsazio horrekin lotuta, larunbateko bertso saioan kantuan arituko direnak udako saioan kantatu ezin izan zuten berberak izatea zen intentzioa, eta pare bat aldaketa egin behar izan badituzte ere, gehienak mantendu dira.

Uzinek azaldu duenez, erakutsi nahi dute SKAPAk ez dituela festak «parranda hutsagatik» ospatzen, programa askoz zabalagoa dela. «Bertso Eguna horren adibide garbia da. Egun horretan bertsozale denak pasiboki zein aktiboki  gozatu baitezake bertsoaz».

Erlazionatuak