Sanpelaioen aurretik zozkatuko dituzte Salberdingo 120 etxebizitzak

Onintza Lete Arrieta 2018ko mar. 2a, 13:42
Salberdingo etxebizitzen plano bat (Etxebide)

1.012 eskatzailek hartuko dute parte babes ofizialeko 120 etxebizitzetako bat erosteko zozketan. Bailara osokoek har dezakete parte, baina gehien-gehienak zarauztarrak dira. 

Etxebidek atzo, martxoak 1, jakinarazi zuen zein den eskatzaileen behin betiko zerrenda, alegazioak aztertu ondoren. Horren harira, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak esan du zozketa noiz egin nahi duten: sanpelaioen aurretik."EH Bilduk esandakoak esan, zozketa egiteko ez dauka zertan onartuta egon birpartzelazio planak. Horrek onartuta egon behar du eskriturak egiteko garaian", zehaztu du alkateak.

120 etxebizitza dira guztira, baina horietatik 7 Salberdinen desjabetutako etxejabeentzako dira. Gainerakoak, 113, zozkatuko dira 1.012 eskatzaileren artean. Babes ofizialeko promozio pribatuetan bailara osoko herritarrek eman ahal izaten dute izena. Hala ere, gehien-gehienak zarauztarrak edo Zarautzen erroldatutakoak direla esan du alkateak, 900 inguru.

Udazkenean eraikitzen hastekoak

Bestetik, alkateak jakinarazi du udazkenean nahi dutela hasi aurreneko etxebizitzak eraikitzen Salberdin eremuan. "Bitartean, oraindik Keller eraitsi behar da, eta udaberri honetan egingo dugu hori. Otzarreta eraikina eta enpresa zutik mantenduko da, ez diolako eragiten eraikuntzari. Hala ere, urbanizazioa egitearekin batera hortik atera beharko dute". 

Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, alkateak azpimarratu du "guztiek balkoiak" dituztela, eta hori ez dela ohikoa. "Agintaldi honetan egindako gestioen emaitza da hori, udal ordenantzak aldatu izanaren emaitza", nabarmendu du. Hala, eraikitzaileak balkoiak egin arren "balkoi horiek ez dute konputatzen, metro horiek ez dira kontatzen", azaldu du.

Etxebizitza horiek hartuko duten altuerari dagokionez, esan du mailakatua izango dela. Zelai Luzeko etxebizitzek bost solairu dituzte, eta Salberdingoek sei izango dituzte, baina izkina batean zortzi solairu izango dituzte.