zarauzkohitza.eus

Murua, Lertxundi eta Olariaga omendu ditu Talai Berrik

Zarauzko Hitza 2018-03-03 13:16   gizartea

Talai Berri txakolindegiak bere 25. urteurreneko ospakizun ekitaldia egin du gaur eguerdian, upategian bertan, eta hiru sortzaileei beraien lankidetza eskertu die.

Murua, Lertxundi eta Olariaga omendu ditu Talai Berrik
Omenduak Eizagirre familiarekin, urteurreneko ekitaldian (Aritz Mutiozabal). | Ikusi handiago | Argazki originala

Txakolindegiak mende laurdena bete du, eta hainbat ekitaldi antolatzen ari da horren harira. Joan den astean I. Mahasti Krosa lasterketa jokatu bazuten, gaurkoan urteurreneko ospakizun nagusia egin du. Talai Berriko Onditz eta Itziar Eizagirre ahizpek gidatu dute ekitaldia, eta upategiaren orain arteko ibilia azaldu dute, egoerarako prestatutako ikus-entzuneko batekin lagunduta.

Ondoren, hasiera-hasieratik lagun izan dituzten hiru sortzaileren lana eskertu nahi izan dute: Tomas Murua eskultorea, Antton Olariaga ilustratzailea eta Anjel Lertxundi idazlea. Hirurek oroigarri bana jaso zuten Eizagirre familiaren eskutik; Muruaren kasuan, haren alargunari eman diote saria.

Omenaldi xumearen ondoren, hamaiketakoa eta etxeko txakolina dastatzeko parada izan dute bertaratu direnek. Guztira, 80 lagun inguru bildu dira txakolindegian. Bien bitartean, Mattin marrazkilaria zuzenean aritu da marrazkiak egiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa