Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

Ikasleek Martxoaren 8ko ekitaldian abestu dituzten bertsoak

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 8a, 12:04
Ikasleak bertsoak abesten ekitaldian (Aritz Mutiozabal).

Zarauzko ikastetxetako ordezkariek Martxoaren 8ko manifestua irakurri ondoren, ekitaldian parte hartu duten guztiek gaurko propio egindako hiru bertso hauek abestu dituzte elkarrekin.

1.
Ikastetxeak zenbat balore
den-denak baliagarri
gure arteko giroan eta
jarreran dira igarri
berdintasuna beharko luke
gure bizitzan oinarri
zenbat neska eta zenbat mutil
elkarren ondoan sarri
ikasitakoa behar dugu
bizitzan praktikan jarri
eta ametsak egi bihurtu
eskua emanez elkarri  
 

2.
Zenbat ta zenbat emakumeren
eskubide urraketa
eta nola emango diogu
egoera honi buelta
gizarte honek egin behar  du
benetako hausnarketa
ondorengo belaunaldietan
etor dadin aldaketa
guzti hau behingoz erro-errotik
aldatu behar da eta
mundu berri baten ardatza da
gu gazteon heziketa
      
3.
Ikasle asko bildu gara gaur
pankarta baten atzean
denok gogor arraun egiteko
norabide berdinean
gizon emakume denak laster
egon gaitezen parean
batzuk aukerarik gabe eta
askotxo besten menpean
zerbait egin behar dugu azkar
egoera honen aurrean
batera lasai bizi gaitezen
denok etorkizunean                                            


Doinua: Irrifar laranja bat margotu

Erlazionatuak