Marixabel Ezenarro eta Mari Kruz Etxeberria: «Pentsioen borrokak gizarte osoarena izan behar luke»

Amaia Urbieta Arruti 2018ko mar. 9a, 08:00
Marixabel Ezenarro eta Mari Kruz Etxeberria (Amaia Urbieta Arruti).

Duela sei urte hasi ziren Duintasunako kide Ezenarro eta Etxeberria pentsio duinen aldeko borrokan  Duintasuna elkartearekin. Orain, Zarauzko Jubilatuen eta Pentsionisten Plataformako kide dira.

Azalduko al zenukete labur zeintzuk diren zuen protesten arrazoiak ?
Mari Kruz Etxeberria: Pentsiodunen gaia tentsio politikoa sortzen ari da. Boto emaile asko gara; Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleriaren %24a, zehazki. Pentsioen %0’25eko igoerak guretzat suposatzen du geroz eta erosteko ahalmen ba­xuagoa izatea. 2011tik gaur arte %6,5 galdu dugu erosteko ahalmena, eta egoera honi buelta emateko ari gara kalera ateratzen.    
Marixabel Ezenarro: Pentsioen %0,25eko igoeraren kontua lotsagarria iruditu zaigu denoi. Fatima Bañez Espainiako Lan eta Segurantza ministroaren hitzek haserretu zuen gehien jendea. Ministroak dioenez, «pentsiodunok ez dugu dirurik galdu azken urteotan izandako mugimenduekin».
 
Ba al duzue eskaera minimorik?
M.K.E.:  Zarauzko Pentsionista eta Jubilatuen Plataformako kideok gutxieneko batzuk adostu ditugu. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dugu, Europako Eskutitz Sozialak gomendatzen duena, hain zuzen ere. Eskutitz Sozial honek dioenez, pobreziaren muga lurraldeko batez besteko soldataren  %60an dago. Alegia, lurraldeko batez besteko soldataren %60a baino gutxiago kobratzen dutenek ez dute bizitza duin bat izateko adina irabazten. Espainiako batez besteko soldata 1.200 euro izanik, horren %80a da guk eskatzen duguna: 1.080 euro, alegia. Jendeari hasieran oso altua iruditzen zaio zenbateko hori. Zoratuta gaudela entzun dugu, gazte askoren soldata mila eurora ez delako iristen eta guk hori baino gehiago eskatzen dugulako. Hala ere, guk sinesten dugu gure aldarrikapenak guztiz justifikaturik daudela eta zilegiak direla.

Gure protestetan oso presente  daukagun beste lelo bat zera da: Hemen bizi, hemen erabaki. Erabakihorrek jaurlaritzaren esku egon beharko balu ere, azken hitza Madrilek izaten du.

Nola antolatu zarete herrian?

M.K.E.: Lehen elkarretaratzea norbanakoek deitu zuten Zarautzen. Ondoren, hainbat eragilek eta norbanakok bilera bat egin genuen, eta Zarauzko Jubilatuen eta Pentsionisten Plataforma sortu genuen. Marixabel eta biok Duintasuna elkarteko kideak gara, eta badaramatzagu urte batzuk borrokan. Hain zuzen ere, 1.080 euroko minimoa eskatuz, Zarautzen 8.000 sinadura bildu genituen duela bi urte . Badirudi egunotan jendea inoiz baino haserreago dagoela, baina ez da oraingo kontua.
M.I.E.: Duela bi urte EAE osoan lortutako 72.000 sinadurak aurkeztu genizkion jaurlaritzari, baina ez zuten gure eskaria onartu. Hala ere, oraindik mahai gainean dago kontua, inoiz baino presenteago, gainera.

Beste herrietako pentsiodunekin sareturik al zaudete?

M.K.E.: Zarauzko Jubilatuen eta Pentsionisten Plataforma sortu berria da, eta oraindik ez gara gainontzeko herrietako plataformekin harremanetan jarri. Baina Duintasuna Elkartekook 6 urte daramatzagu martxan, eta herri askotan gaude finkaturik. Koordinadora bat daukagu eta hilero asanbladan biltzen gara hartu beharreko erabakiez eztabaidatzeko. Zarauzko mugimenduak, jarraitzekotan, beharrezkoa izango du eragile gehiago hurbiltzea. Oraingoz, Nagusilan, Duintasuna eta beste zenbait norbanakok osatzen dugu plataforma.
M.I.E.: Egia da olatu honek bultzatu dituela hainbat norbanako kalera ateratzera eta antolatzera, baina Duintasuna elkartetik aspalditik geneukan buruan borroka hau ez genuela etengo geure eskaerak lortu arte. Hauteskundeak hurbiltzen doazen heinean, hainbat proiektu dauzkagu buruan gure aldarrikapenei eusteko.

Jende asko egongo da egoera larrian, ezta?
M.K.E.: 550.000 inguru pentsiodun gaude EAEn. Hauetatik ia 250.000k 700 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute. DSB edo RGI delakoekin osatzen zaie pentsioa, 732 eurora iritsi arte. Azpimarratu nahiko nuke, gainera, hauetako gehienak emakumeak direla.
M.I.E.: Alargunek beraien senarraren pentsioaren %52a kobratzen dute. Askori eta askori gertatu zaie, nahiz eta hainbat urtez kotizatzen jardun, momentu batetik aurrera zaintzan jardun behar izan dutela egunerokoari aurre egiteko. Senarra hil eta pentsioaren erdia soilik jasotzen dute, baina etxeko gastuek berdin-berdin jarraitzen dute.
M.K.E.: Emakume askok eta askok, alargunak izan gabe ere, etxean lanean jardun behar izan dute, eta ez kotizatzeagatik pentsio minimoarekin gelditu dira.
M.I.E.: Garai hartan emakumeek egiten zuten lan, tailerretan, fabriketan... Baina ezkondutakoan etxera joan behar izaten zuten, bai ala bai. Ez zitzaion bestelakorik inori burutik pasatzen.

60ko hamarkadan gazteria kalera atera zen sistemaren aurka borroka egitera. Gaur egun, zaharrak dira kalean daudenak. Alegia, jende berbera.

M.K.E.: Gure kasuan, egia esan, hala da. Borroka ugari egindakoak gara. Zenbat greba gure lanpostuen alde, baldintza hobeen alde... Mota guztietako borrokak egin ditugu.
M.I.E.: Guk diktadura bizi izan genuen, hori amaitutakoan Bilboko tailer handien eraisteak iritsi ziren eta izugarrizko egoera gogorra zetorkigun gainera. Baterako edo besterako, beti tokatu zaigu borroka egitea. Orain guztion begien bistan dago, lehen ere aritutakoak atera garela kalera. Pentsioen gaia une honetan gure arazoa da, gu gara estu gaudenak, baina 40-50 urte dituztenek ere badute zeresana borroka honetan.
M.K.E.: Gizartearentzat, ahalduntze eredu bat izan gara. Gazteen eta jada ez horren gazteen prekarietate egoera ikusita, lehenbailehen zerbait egiten hasi beharko litzateke. Horren haserre dauden gazteen olatu hori ikusteko irrikan gaude. Benetan, gazteak kalean ikusi nahi ditugu.