Programazio berezia du gaurko Merkatutik Zuretzat! ekitaldiak

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 10a, 09:58

Gaur, larunbata, 11:00etan hasiko da saioa Merkatu Plazan. Azken ekitaldia da, eta zuzeneko sukalde saioaren aurretik dokumental bat eskainiko dute, emakume artzain bati buruz.

Merkatu Plazako lehen solairura gerturatzen diren herritarrek aukera izango dute Merkatutik Zuretzat! ekitaldiaz gozatzeko. Azken saioa izango da gaurkoa, gainera.

Ohi bezala, zuzeneko sukalde saio bat egingo dute bi sukaldarik. Gaurkoan, Aiala Ostalaritza Eskolako bikote batek honako platera prestatuko du: ahuntz gazta frijituaren entsalada, kimu, hosto eta intxaur ozpin-olioarekin. Ondoren, txahal hanburgesa osoaren pintxoak egingo dituzte. 100 pintxo banatuko dituzte, eta sagardoa ere eskainiko dute, Arizia sagardotegikoa.

Jakinarazi dutenez, haurrentzako txokoa egongo da ekitaldiak iraun bitartean, umeekin joaten diren gurasoei zuzenduta.

Emakume artzain bati buruzko dokumentala

Sukalde saioaren aurretik, ordea, dokumental bat eskainiko dute gaur. Hain zuzen, ardi gazta egiten duen emakume artzain baten bizitza gertutik ezagutu ahal izango da. Udaleko Parekidetasun Sailak antolatu du proiekzioa.