Bide segurtasun kanpaina berriak jarriko dituzte abian

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 13a, 16:18
Udaltzainek martxoan eta apirilean kontrolak egingo dituzte herrian zehar.

Kanpaina martxoan eta apirilean zehar jarriko dute martxan, herritar guztien segurtasuna bermatzeko eta oinezko, bizikleta eta autoen elkarbizitza egokia lortzeko helburuekin.

Udaltzaingoak bide segurtasun kanpaina berriak jarriko ditu abian martxoan eta apirilean. Lehen kontrol kanpaina atzo hasi zen, martxoaren 12an, eta martxoaren 18an amaituko da. Kanpaina honetan autoetako segurtasun uhalen eta SRI haur txikien eserlekuen kontrolak burutuko dituzte. Bigarren kontrol kanpaina martxoaren 19a eta 25a bitartean burutuko dute, autoen IATa begiratuz. Azkenik, apirilaren 4tik 8ra, bizikleten kontrolak egingo dituzte. Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, kanpaina berrien helburuak dira herritarren segurtasuna bermatzea eta oinezko, bizikleta eta autoen elkarbizitza egokia lortzea

Trafiko eta Bide Segurtasuneko Kodean legeak dioena gogoraraziz, azaldu dute, bizikletei dagokienez, espaloian bizikleta gainean ibiltzea debekatua dagoela. Arau-hauste arina da, eta isuna 60 eurokoa da. Zebra bidetik ezin da bizikleta gainean igaro, bizikletatik jaitsi behar da eta bizikletan ibili bitartean ezin dira aurikularrak erabili, ezta mugikorra ere. Bestalde, 16 urtetik beherakoek kaskoa erabili behar dute, ez erabiltzea arau hauste larria da eta ordaindu beharreko isuna 200 eurokoa da. Gainera, bizikletek txirrina eduki behar dute, eta iluntzen duenean argia piztuta eduki beharko dute, bai aurrekoa eta baita atzekoa ere. Atzean katadioptriko gorriak (islagailuak) edukitzea ere beharrezkoa izango da. Gainontzeko ibilgailuen kasuan, errepidean bizikletekiko segurtasun neurria errespetatu behar dute, aurreratzerakoan 1,5 metroko distantzia utziz.

Aurreko urteko kanpainaren jarraipena

Garrastazu zinegotziak esan du 2017ko martxoan abian jarritako kaskoaren garrantziaz sentsibilizatzeko kanpainaren jarraipena direla abian jarriko diren kanpainak: "Joan den urteko kanpainan, bereziki, 16 urtez azpiko bizikleta gidari eta bidaiariek kaskoa derrigorrez erabili behar zutela gogorarazi nahi genuen, ahula den kolektibo honen segurtasuna bermatzeko asmoz. Kanpaina berri honekin aurrekoari jarraipena eman nahi diogu, herritarrak lege hauen inguruan kontzientzia hartu eta guztion elkarbizitza eta segurtasuna bermatzeko asmoz".