Alokairura bideratzeko 25 etxe eraikiko dituzte Azken Portun

Xabier Txurruka alkatea, atzean Helduentzako Hezkuntza Zentroaren eraikin zaharra duela (Aritz Mutiozabal).

Udalak Helduentzako Hezkuntza Zentroaren eraikin zaharreko partzela emango dio Eusko Jaurlaritzari proiektua gauzatzeko. Xabier Txurruka alkateak nabarmendu du hiru urtetan alokairuzko 103 etxebizitza publiko berri izango dituela herriak.

Zarauzko Udalak Lanpardo eta Urdaneta kaleen artean dagoen Helduentzako Hezkuntza Zentroaren eraikin zaharreko partzela doan emango dio Eusko Jaurlaritzari alokairuzko 25 etxebizitzak egiteko. Duela urtebete jarri zen harremanetan Xabier Txurruka alkatea jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendari Pablo Garcia Astrainekin, eta Azken Portuko partzela horretan babestutako etxebizitzak eraikitzeko proposamena luzatu zion. Aste honetan lankidetza hitzarmenaren zirriborroa jaso dute udalean, eta hori zarauztarrentzat «berri pozgarria» dela nabarmendu du alkateak.

Egun, ekipamendu modura dago kalifikatuta, eta udala lanean hasi da Plan Orokorrean aldaketa egiteko eta bizitoki erabilera izateko beharrezkoak diren hirigintza dokumentuak idatzi, tramitatu eta onartzeko. Eraikina aurri egoeran dagoela jakinarazi du alkateak, eta eraitsi egingo dutela. Udalak eta Etxebizitza Sailak hainbat konpromiso hartuko dituzte hitzarmenean: udaleko Hirigintza sailak partzelaren kalifikazioa aldatu eta segregazioa egingo du, fitxa urbanistikoa bideratzeko; hori onartutakoan, jaurlaritzak eraikina bota eta etxe berriak eraikitzeko nahiz urbanizazio lanak egiteko proiektu teknikoak idatziko ditu.



Etxebizitza Saileko teknikariekin izandako elkarrizketetan adostu dute 2.500 metro koadroko eraikigarritasuna. Eraikin berriak lau soilaru izango ditu eta behe solairu bat. Hain justu ere, behe solairuko lokal hori udal ekipamendurako eskatuko diote jaurlaritzari. «Tramiteak aurten egingo genituzke, eta proiektuak idatzita, 2019an hasiko ginateke eraikitzen, 2020an bukatzeko», aditzera eman du Txurrukak.


103 etxebizitza alokairura

Udal Gobernua Etxebizitza Plana aurrera eramaten ari da, eta Aldapeta eta Salberdingo sustapenak kontuan izanda, babestutako 635 etxebizitza erakiko ditu. Uda aurretik Aldapetako 50 etxebizitzak – 30 tasatuak eta udalak erosi eta alokairura bideratuko dituen 20 alokairuzkoak– eraikitzen hasiko da Visesa. Halaber, behin betiko onartu dituzte Salberdinen jabetzan zozkatuko dituzten babes ofizialeko lehen 113 etxebizitzetarako eskatzaileen zerrendak, eta uda aurretik zozkatzea aurreikusten dute.

Baina «alokairurako beharra» ere badagoela azpimarratu du alkateak. Hori dela eta, Azken Portuko alokairuzko etxebizitzez gain, Salberdingo partzela batean 60 etxe egiteko hitzarmena sinatu zuen udalak abenduan jaurlaritzarekin, eta Aldapetako 20 etxe ere erosiko ditu. «Beraz, 2018 eta 2020 urteen artean babestutako 103 etxebizitza berri bideratuko dira alokairura».

Guztira, Zarautzen erroldatutako 1.006 lagun dira jabetzako BOE bat eskatzen dutenak Etxebiden, eta 393 alokairuan eskatzen dutenak. Hala, alokairurako 103 eta jabetzarako 635 etxe babestuekin, «aurrerapauso garrantzitsua emango dugu etxebizitza arazoari aurre egiteko. Neurri egokiago batean erantzun ahal izango diegu instituzioek, jaurlaritzaren eta udalaren lankidetzari esker», zehaztu du alkateak.

Erlazionatuak

Sanpelaioen aurretik zozkatuko dituzte Salberdingo 120 etxebizitzak

Zarautz

1.012 eskatzailek hartuko dute parte babes ofizialeko 120 etxebizitzetako bat erosteko zozketan. Bailara osokoek har dezakete parte, baina gehien-g...
Salberdinen alokairuko 60 etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu dute udalak eta jaurlaritzak

Zarautz

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak hitzarmena sinatu dute alokair...
Apirilean hasiko dira eraikitzen Aldapetako etxebizitzak

Zarautz

Udalak Vista Alegreko igogailuaren obrak aurreratzeko eskatu dio Visesari, eta 2019ko udarako prest egotea espero dute.