Plastikorik gabeko herri bilakatzeko pausoak

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 16a, 13:38
Hondakinak jasotzen aritu ziren ikasleak eta #Traolan kanpainako eragileak, hondartzan (Aritz Mutiozabal).

Agenda 21 eta Ingurumen Departamentuek, Emausekin lankidetzan, #Traolan kanpaina jarri dute abian, eta beste eragile batzuekin elkarlanean, hainbat jarduera jarri dituzte abian: hondartzaren garbiketa, poltsa biodegradagarrien banaketa eta erakusketa, besteak beste.

Poltsarik gabeko herria izateko erronka aitzindariari heldu dio Zarautzek. Udaleko Agenda 21 eta Ingurumen Departamentuetatik hasieratik finkatu duten helburu nagusietariko bat dela nabarmendu du aipatu sailetako zinegotzi Gloria Vazquezek, eta horretarako badela nahikoa arrazoi: "Urtero 8 milloi tona plastiko botatzen dira itsasoetara eta boltsa bakoitzak 400 urtez iraungo du itsasoan. Ondorioz, animaliak hiltzen dira, eta naturari egiten zaion kaltea izugarria da. Gainera, arrainek mikroplastikoak jaten dituzte, eta guk arrainak. Beraz, esan daiteke plastikoa jaten bukatuko dugula, arazo honi konponbidea jartzen ez badiogu". Horretarako, Piensa en global y actúa en local (Globalean pentsatu, lokalean ekin) leloa aditzera eman du Vazquezek, itsasoa bizirik mantentzeko norbanako bakoitzak bere aldetik zerbait egin dezakeela gaineratuz.

Emausekin elkarlanean diseinatu dute Zarautz poltsarik gabeko herria izateko kanpaina, eta #Traolan izena jarri diote; batetik, arrantzarako sareekin poltsak egingo dituztelako, eta, bestetik, hainbat eragile –Surfrider, Ternua, EkoRec eta Mater Museoa– ari direlako elkarlanean kanpaina honetan. Agenda 21 departamentuak 26.000 poltsa biodegradagarri banatuko ditu herriko 55 elikagai dendetan eta Merkatu Plazako postu guztietan. Atzo bertan hasi ziren banatzen, eta "honen bitartez, plastikozko poltsak ordezkatzen lagundu nahi diegu dendariei", azaldu du zinegotziak. Dena dela, egokiena norbere oihalezko poltsa edo karroa eramatea dela dio.

Datorren astelehenean (martxoak 19) Ondarroako saregile emakume talde batek arrantza sarez eginiko poltsak egingo dituzte Merkatu Plazan, 10:30etik aurrera. Era berean,, halako 1.500 poltsa banatuko dituzte eta publizitate karteletako belakiekin eginiko 400 karro.

Hondartzak garbitzen

Kanpainarekin bat egin du Eskolako Agenda 21ek, eta herriko ikastetxeetako LH 5 eta 6 mailetako gaztetxoak hondakinak jasotzen ariko dira datozen egunotan hondartzan, Surfrider Fundazioko kideen laguntzarekin. Atzo ekin zioten biltzetari Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasleek, gaur La Sallekoak aritu dira, eta, txandaka, datorren astean beste eskoletakoek hartuko dute parte.

Era berean, Merkatu Plazako lehen solairuan antolatu duten erakusketan ere parte hartzen ari dira; erakusketa hau ez dago herritarrentzat zabalik, baizik eta ikasleentzat bakarrik da. Bertan, ikusgai dute. nola Emausek berrerabilpenera bideratzen dituen gauzak, EkoRec enpresak plastikoa hari bihurtzen duen eta Ternuak sare-hondakinak erabiltzen dituen kirol arropa egiteko.

Jarduera horiez gain, ikasleek gaiari buruzko bideoak grabatzeko aukera izango dute, eta lehiaketaren saria izango da Mater itsasontzian bidaia bat egitea, hondakinak jasotzeko itsasoan; Getariako egurrezko arrantzontzi bat da, museo izaerarekin zaharberrituta dagoena. 20-30 segundoko bideoak izan behar dute, youtuber gisara eginak, eta comunicacion@emaus.com helbidera bidali behar dira.