'Aislada Isla' liburua aurkeztuko dute ostiralean

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 19a, 10:01

Pio Rafael Romero Zarauzko bizilagun ohiak idatzi du bere bizipenez, eta Sanz Enean aurkeztuko du. Aurkezpen lanak haren lagun Ion Giurza zarauztarrak egingo ditu. 

"Etorkinok gauza bat daukagu ona, eta da gure bizitzak liburuetan jartzeko modukoak direla, gorabeheratsuak izan direlako eta abenturak bizi izan ditugulako". Hitz horiekin erakutsi nahi izan du Ion Giurza zarauztarrak Aislada Isla (Irla bakartua) liburuaren oinarria.

Giurzaren lagun batek idatzi du, Pio Rafael Romero kubatarrak. Hamarkada batez Zarautzen bizi izan zen, eta liburuan ere aipatzen du herria. Horregatik animatu zuen Giurzak liburua Zarautzen ere aurkeztera.

"Kubako Industria Ministerioan egiten zuen lan Romerok, eta bere aitak iraultzan parte hartu zuen Fidelekin batera. Baina 1992 aldean hona etortzea erabaki zuen, eta gerora ezin izan zuen bere aitaren hiletara itzuli", kontatu du Giurzak. Liburuan halako pasarteak eta beste hainbat aurkituko ditu irakurleak.

Gehiago jakin nahi duenak, ostiral honetan (martxoak 23) izango du horretarako aukera. Sanz Enean aurkeztuko dute liburua, 18:00etan. Egilea bertan izango da.