Amenabarrek eta Aialak garaipena eskuratu dute

Zarauzko hitza 2018ko mar. 20a, 09:00
Mikel Martinez jaurtiketa batean, larunbateko partidan. (Luis Epelde)

Amenabarrek irabazi egin zuen Bartzelonaren bigarren taldearen aurkako partida larunbatean. Aialak ere, garaipena eskuratu zuen Ermuan, Errotabarriren aurka izandako norgehiagokan.

Aritzbataldeko norgehiagokan, hasieratik aurretik izan zen etxeko taldea. Minutuak aurrera zihoazela, bi markagailuen arteko aldea handituz joan zen, eta atsedenaldira lau goleko aldearekin iritsi ziren zarauztarrak (14-10). Bigarren zatiaren erdialdean alde hori handitzeko aukera izan zuten, eta azken minuturarte hala eutsiz, 25-19ko markagailuarekin amaitu zen partida.

Nesken kasuan, lehenengo zatian defentsan egin zuten lana azpimarratu beharra dago, 5 gol bakarrik sartu baitzizkieten aldageletara joan aurretik, eta eurek 13 sartu zituzten. Lehen zatian halako aldea aterata, hurrengo hogeita hamar minutuetan alde horri eutsi zieten, eta 19-26ko markagailuarekin itzuli ziren etxera Ermuatik.

Hurrengo jardunaldia

Datorren asteburuan, Aialak Muskiz izango du aurkari etxean. Partida larunbatean izango da, 17:00etan, Aritzbatalde kiroldegian. Amenabarreko mutilek, berriz, Gijonera bidaiatuko dute, R.G.C. Covadongaren aurka lehiatzeko, larunbatean.