Aste Santuetako opor egunak baliatuz, Zarautz Rugby Taldeak garagardo azoka antolatu du aurten ere. Hemezortzigarren aldia da, eta, urtero bezala, asteazken arratsaldean zabalduko dute, martxoaren 28an, eta astelehena bitartean iraungo du, apirilaren 2ra arte; lehen eta azken eguna salbu, gainerakoetan 12:00etatik 01:00era arte irekiko dute, Munoa plazan atodutako karpan.
Aurten, irekiera egunean, erretiroa hartu berri duen Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a harri-jasotzailea omenduko dute antolatzaileek, «harriaren munduan Zarautzen eta Euskal Herrian eginiko lanarengatik».
Betiko garagardo bereziez gain, aurten Cider Ladron de Manzanas gehitu dute edari arrunten eskaintzan. Jatekoari dagokionez, ukondoak, saiheskiak, oilaskoak eta saltxitxak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Egunero, 13:30etik 15:30era, haur jolasak izango dira, eta 22:00etatik aurrera, berriz, zuzeneko musika kontzertuak. Era berean, autobus zerbitzu bereziak izango direla jakitera eman dute antolatzaileek, «jendeak autoa etxean utzi dezan eta lasai etor dadin».
Mus Txapelketa Azkarra martxoaren 30ean jokatuko dute, 15:30ean hasita. Itxas-Lur eta Salegi tabernetan eman daiteke izena, baita Azokako leihatilan ere, txapelketaren egunean (15:00ak arte). Bikoteko 20 euro ordaindu behar dira, eta zenbateko horrean barruan sartzen dira bi pitxar eta bi garagardo berezi. Garaileek zakuaren %60a, txapelak eta irabazlearen altuera garagardo kaxetan irabaziko dituzte. Bigarrenek, zakuaren %20a; hirugarrenak, ukondo menua; eta laugarrenak, berriz, bi garagardo berezi.