Artzape Fest! jaialdia antolatu dute apirilaren 20rako

Getariako Cristobal Balenciaga Museoan izango da musika ekitaldia, eta Izaro, Nøgen eta Marlik ariko dira zuzenean. Zarauzko Hitzak lagun batentzako bi sarrera zozkatuko ditu.

Euskara, bertako kultura eta Getariako herri aldizkariaren etorkizuna bermatze aldera, Artzape Euskara Elkarteak hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu 2013tik. Aurtengoan pauso bat aurrera egin dute, eta Artzape Fest! jaialdia antolatu dute apirilaren 20rako, Cristobal Balenciaga Museoan.

Izaro, Nøgen eta Marlik izango dira oholtza gainera igoko diren artistak. Paradise eta Om lanen ondoren, Izaro Andres bakarlari mallabiarrak Eason lana plazaratu berri du, eta disko berriaren aurkezpen biran izango da Getarian. Donostiako Nøgen taldeak musika exotikoarekin lagundutako ahots ahaltsuak eskainiko ditu. Zumaiako Marlik taldeak, berriz, blues eta rock-and-roll doinuak uztartuko ditu.

Kontzertua 21:30ean hasiko da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko ticket.kutxabank.es atarian. Sarrera bakoitzak 15 euro balio du; eta agortuko ez balira, apirilaren 20an bertan leihatilan erosteko aukera egongo litzateke 20 euroan.

Artzape Euskara Elkartearen eskutik, lagun batentzako bi sarrera zozkatuko ditugu Zarauzko Hitza atarian. Zozketan parte hartzeko formulario hau bete behar da; parte hartzeko epea apirilaren 15ean bukatuko da. Hartu parte eta zorte on!