Eskulana eta kalitatea soinean

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 23a, 08:00
Maria Berreteaga jostuna, eskuz egindako gona eskuan duela. (Maria Maya Manterola)

Hogei urte baino gehiagoko eskarmentua du Maria Berreteaga jostunak. Zarautzen du Soinean baserritar jantzien denda, berak egiten ditu jantzi denak; eskuz eta mimoz. Baserritar jantzien osagarriak ere saltzen ditu.

Neurrira egindako baserritar jantziak saltzen ditu 20 urte baino gehiago josten daramatzan Maria Berreteagak. Haurra zela, Nancy panpinei josten zizkien arropak izan ziren bere lehen eskulanak. Jostun ikasketak egin zituen ondoren: mozketa eta jantzigintza ikasi zituen, moda diseinua egin zuen, eta patroigintza industrialarekin formatu zen bilbotarra. Bere alabei arropa josten hasi zen aurrena, eta etxean josten jarraitu zuen, ingurukoen enkargu lanei erantzuten. Orain hamar urte Zarautzen Soinean baserritarren arropa  denda zabaldu zuen.

Dendan dauden jantzi denak eskuz egiten ditu, kalitatezko oihalekin. Askotarikoak josten ditu: marradun, txaplatadun edo tantodun baserritarren gonak, koloretako alkondarak, amantalak, zapiak, pololoak... Dendan aurki daitekeen arropaz gain, enkarguz ere egiten ditu, dendan dituen oihalekin edo bezeroak berak dendara eramandakoekin.

Baserritar janzteko osagarriak ere saltzen ditu Soinean dendan. Hain justu, 2017ko Zarauzko Euskal Jaiaren ondoren, Zigordia kalean zegoen Irureta dendako lekukoa hartu du, haiek egindako abarkak eta abarketak salduz. Elosegi markako txapelak,  gerrikoak eta baserritar jantziaren era guztietako osagarriak ere baditu salgai. Goitik behera baserritarrez jantzita irten zaitezke Soinean dendatik.


Iruretaren lekukoa hartu du abarketak saltzen. (Maria Maya Manterola)

Bezero partikularrei ez ezik, txapelketetan parte hartzen duten dantzariei ere egiten dizkie jantziak. Horrez gain, inguruko herrietako eta Euskal Herri osoko bezeroak ditu. Soinean dendan pasatzen du denbora gehien jostunak, baina azoketara ere joaten da. Zumarragan izan zen Gabon garaian, eta ekainean Eskoriatzan izango da. Azoketan saltzen dela dio jostunak, eta bertan ezagutu ondoren jotzen dute bezero askok Zarauzko dendara. Alabak ditu laguntzaile, eta baserritar jantzita joaten dira azokara. Berreteagak azoken bidez ezagutarazi du bere lana. Ahoz ahokoa eta kaleko lana izan dira sekretua jostunarentzat.  

Baserritarren jantziak urtean zehar askotan jantzi ez arren, urte osoan saltzen dira. Salmentak baxuago dauden hilabeteak aprobetxatzen ditu jostunak lanak aurreratu eta denda jantziz betetzeko. Baserritar traje osoa eskuz eta mimoz osatzen du Soineaneko jostunak.

Denboraren poderioz, baserritarren jantziak aldatu direla irizten du jostunak. Haren hitzetan, baserritar jantziak beltzak zirenaren uste okerra izan da duela gutxi arte. Hala jasotzen dute aintzinako liburuek: baserritarrei jantziak apurtzen zitzaizkienean oihal ezberdinen txapletekin konpontzen zituzten. Horrez gain, jantzi guztiak ezberdinak ziren, arropak ekoizteko industriarik ez zegoelako. Maria Berreteagak eskuz egindako jantzi gehientsuenak ere gisa horretakoak dira: koloretsuak eta biziak. Zapiak gero eta gutxiago janzten direla dio, baina baserritar jantzi osoari azken ukitua ematen dion osagarria dela uste du.


Jantziaren osagarri guztiak saltzen ditu dendan. (Utzitakoa)