Pablo Nuñez Katealegaia erakundeko zuzendariak esan du zein helbururekin joan diren Abendañoko lantegi berrira: "Helburua da jende gehiagori ematea lana lantegi berriarekin". Ezintasunen bat dutenei edo gizarte bazterkeria arriskuan daudenei laguntzen die, haiek lan mundura sartuz. Irabazi asmorik gabeko enpresa da, eta gaur egun 50 langile ditu. Industria sektoreko hainbat enpresarentzat egiten dute lan, eta bezero horietako batzuk ere bertaratu dira gaurko inauguraziora. Katealegaiaren instalazioak bisitatu dituzte ekitaldiaren ondoren (hemen argazki bilduma).
Nuñezek eskerrak eman dizkie instituzioei euren laguntzagatik, eta egindako lana azpimarratu du: "Esfortzu handia eskatu dio hainbat instituzio eta laguni, baina merezi izan du". Xabier Txurruka alkatearen laguntza ere bereziki eskertu du, "oso gertu egon delako prozesu osoan zehar". Txurrukak, berriz, azpimarratu du Zarauzko Udalak konpromisoa hartzen duela Katealegaiarekin elkarlanean jarraitzeko, "helburu berak" dituztela biek. "Zarautz inklusiboa egin nahi dugu, eta horregatik gure laguntza guztia izango dute honelako ekimenek".
Javier Dominguez ONCE Euskadiko lurralde presidentek ere hartu du hitza: "Izugarri garrantzitsua da lana edukitzea pertsona baten bizitza proiektuarentzat, eta are gehiago ezintasunen bat duen pertsonarentzat. Horregatik babesten ditugu honelako ekimenak". Azaldu du Katealegaiari 4,2 milioi euro eman dizkiola 18 proiektutarako.
Markel Olano diputatu nagusiak ere gogoratu du aldundiaren aurrenkotuaren zati handiena gizarte gaientzako izaten dela, eta irabazi asmorik gabeko erakundeen lana goraipatu du. "Gure helburua da Gipuzkoa berdinago bat lortzea, eta askotan bide horretan guri tira egiteaz arduratzen dira irabazi asmorik gabeko erakundeak". Horrez gain, esan du inportantea dela Katealegaia bezalako erakunde batek zerbitzuak eskaintzea enpresa industrialei.
Zortzi langiletik 50era
Nuñezek ez du ahaztu nahi izan abiapuntua zein izan zen, eta gogora ekarri du 1980eko hamarkada hasieran ireki zutela lehenengo lantegia, Orion. Zortzi langile zituen orduan. "Gaur egun oraindik gure artean den langie baten aitak jarri zuen martxan hura", azpimarratu du.
2.800 metroko lantegi berriarekin, langile kopurua handitzen jarraitzea da helburua.