Denboraldi hasiera onarekin jarraitzen du Eulen Taldeak

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 26a, 14:27
Brasildarrak lehen postuari eusten dio (Eulen Taldea)

Gorlarako Igoeran hirugarren helmugaratu zen Gabriel Macahado da Silva, eta Lehendakari Torneoko lider jarraitzen du Eulen Taldeko txirrindulariak. Albert Muela hamargarren helmugaratu zen.

Zarauzko Jira-Bira txirrindulari elkartekoak gustura dira. Eulen Taldeak ondo hasi du denboraldia, eta horren erakusgarri, Lehendakari Torneoan ematen ari den maila. Izan ere, euren taldekide batena da lidertza: Gabriel Macahado da Silva brasildarrarena, hain zuzen.

Igandean jokatu zuten Gorlarako Igoera. "140 kilometro egin zituzten euripean, hotz handiarekin, eta bi aldiz igo zuten Gorla". Proba hori hirugarren amaitu zuen brasildarrak, eta horri esker, lehen postua mantendu du podiumean. Albert Muela taldekidea hamargarren helmugaratu zen.

Taldeak egindako lanarekin ere gustura dira elkartean. "Taldea oso aktibo egon zen, eta ihesaldian ere hartu zuten parte. Hamasei txirrindularik egin zuten ihes, eta lau Zarauzko taldekoak izan ziren", azpimarratu du taldeak.