Joseba Iraeta, KL Katealegaiako 50 langileetako bat

Onintza Lete Arrieta 2018ko mar. 26a, 16:14
Joseba Iraeta, gaur goizean bere postuan (Onintza Lete Arrieta)

Denek ez dute kameren aurrean hitz egin nahi, baina Joseba Iraeta animatu da. Azkoitiarra jaiotzez, Aian bizi da eta lau urte daramatza KL Katealegaia enpresan lanean. Gustura dabilela kontatu du, eta baduela esperantza Abendañoko lantegi berriari esker lan gehiago sartuko dela.

KL Katealegaia irabazi asmorik gabeko erakundea da. Ezgaitasunak dituzten pertsonei nahiz gizarte bazterkeria jasateko arriskuan daudenei laguntzen die, lana emanez. Zarautzen gaur zabaldu dute lantegi berria, Abendaño industrialdean. 2.800 metro koadro ditu, eta asmoa da handitzea gaur egungo 50 langileko lantaldea.

Lantalde horretako kide da Joseba Iraeta (Azkoitia, 1970). Hain justu, gaur bete ditu 48 urte. Lau urte daramatza enpresan lanean, eta gainerako gehienak bezala, Urola Kosta eskualdean bizi da. "Aian bizi nahiz, baina Orion egiten dut bizitza gehiena, herritik gertuago baitago gure auzoa. Umeak ere Orion dabiltza Ikastolan", azaldu du.

Bost pertsonako taldean egiten du lan, Orbelan automozioko enpresarentzat piezak muntatzen eta ondo dauden begiztatzen. "Segurtasun uhalaren zatiak dira, zehazkiago esateko", azaldu du. 07:00etatik 11:00etara egiten du hori, gero piezak beste lantegi batzuetara eramatea egokitzen baitzaio. Azaldu du gustura dabilela lanean, eta hala ikusten dituela bezeroak ere: "Uste dut pozik daudela gure bezeroak guk egiten dugun lanarekin, eta lantegi berri honi esker espero dut lan gehiago sartuko dela eta langile gehiago hartzeko moduan izango dela Katealegaia".

07:00etatik 15:00etara egiten dut lan Iraetak, baina bere lankideak txandaka aritzen dira, goizetakoak 06:00etatik 14:00etara eta arratsaldeetakoak, berriz, 14:00etatik 22:00etara.

Kexatzeko motiborik ez du ikusten, baina hobetzekorik bai. Irrifartxo batekin aipatu du soldatak ez direla izaten oso altuak gisa honetako enpresetan. "Baina hori ere pixkanak hobetuko dela uste dut", esan du.