Libre daude udal baratze ekologikoko lursail batzuk

Onintza Lete Arrieta 2018ko mar. 27a, 11:33
Patxi Elola zinegotzia, atzo, AbendaƱoko udal baratzeetan (Onintza Lete Arrieta)

Abendañon 160 lursail ditu udalak herritarren artean banatuta, eta horietako batzuk libre daudela azaldu du Patxi Elola zinegotziak. Baratzeen bi guneetan panel bana jarri dute erabiltzaileei gogorarazteko arau garrantzitsuenak, eta bidexka bana ere egin dute. Aste Santu ondoren, Jakoba Errekondok hitzaldia emango du.

Zarauzko Udalak 2011n prestatu zuen Abendañon baratzeak jartzeko eremua. 160 lursail dira, eta bertan herritarrek baratze ekologikoa lantzen dute, etxeko kontsumorako. Lehentasuna erretiratuek eta langabetuek dute, baina momentu honetan sail batzuk libre daude eta, hortaz, herritarrek izena emateko aukera dute. Udaletxera joan behar da horretarako. Hala jakinarazi zuen atzo Patxi Elola zinegotziak baratzeen eremuan bertan.

Horrez gain, jakinarazi zuen egunotan eramango dutela simaurra. "Hartara, baratzeen erabiltzaileek Aste Santuko opor egunetan aukera izango dute baratzean lan egiteko", esan zuen.

Negu gogorra

"Negua gogorra izan da, euri asko egin du, eta horregatik lursail batzuk landu gabe daude", azaldu zuen Elolak. Uste du, ordea, erabiltzaileak udaberrian hasiko direla lurrari buelta ematen eta haziak sartzen. Izan ere, udan hutsik jarraitzen duten eremuak galdu egin ditzakete erabiltzaileek. "Baratzea lantzen ez duenari arrazoia galdetuko diogu, eta justifikaziorik eskaintzen ez badu, kendu egingo diogu, beste herritar bati emateko aukera", ohartarazi zuen zinegotziak.

Hori guztia badator ordenantzetan, baina erabiltzaileei lana errazteko, "arau garrantzitsuenak edo gatazkatsuenak" bildu dituzte, eta baratzeen sarreran jarri dituzte, paneletan. Baratzeak bi gunetan daude banatuta, eta gune bakoitzean panel bana jarri dute, arauekin eta lursailen zenbakiak ageri diren maparekin.

Bidexka bana ere egin dute udaleko brigadako langileek, euriarekin lokatza asko sortzen delako.

Tomas Davila: "Etxe baterako nahikoa eta soberan"

Abendañoko lurren ezaugarriei dagokienez,  lur horiek oso hezeak direla azaldu zuen Patxi Elolak, eta bertan ondoen ateratzen diren barazkiak hosto berdekoak direla esan zuen.

Ilarrak jarri zituen adibide gisa. Eta, hain zuzen, baditu ilarrak landatuta bere lursailean Tomas Davila zarauztarrak. Atzo hantxe zebilen, aitzurrarekin lanean. Lursailean letxugak, tipuletak eta ilarrak ditu momentu honetan. Izan ere, "lur honek ez du negu parterako balio, orain barazki gutxi daukagu", azaldu zuen. Hori bai, lursailaren tamaina nahikoa dela gaineratu zuen: "Etxe baterako nahikoa eta soberan da hau".

Jakoba Errekondorekin hitzordua

Aste Santuen ondoren, udalak asmoa du Jakoba Errekondo adituarekin saio bat egiteko. Eguna zehazteko dago oraindik, baina Elolak aurreratu zuen saio irekia izango dela herritar guztientzat, eta Errekondoren azalpenez gain, zarauztarrek aukera izango dutela galderak egiteko eta zalantzak argitzeko.

Informazio zehatza datozen egunetan emango dutela esan zuen PSE-EEko zinegotziak.