Pro Zarautz 2018

"Zuek egin al dezakezue hau Zarautzen?"

Onintza Lete Arrieta 2018ko mar. 31a, 11:17
Marian Azpiroz, orain 30 urteko txapelketa gogoratzen atzoko omenaldian (Onintza Lete Arrieta)

Pukasek orain 30 urte munduko surf txapelketa antolatu zuen aurrenekoz Zarautzen, eta atzo hasiera hura gogoratu zuen Marian Azpirozek. Izan ere, Udalak omenaldi herrikoia egin zion Letamendia-Azpiroz familiari Beraza parean jarritako karpan, eta Jose Luis Lasa artistaren eskultura oparitu zien.

Omenaldia giro alaian egin zuten, surf munduarekin lotu ohi den patxada eta umore onarekin. Horretan bere alea jarri zuen ekitaldiaren aurkezleak, Mikel Urigoitiak. Hasieratik eman zion umore ukitua omenaldiari; bertaratu zirenak Aita gurea abesten jarri zituen, esaterako. Gero, barkamena eskatu zien udal ordezkariei.

Oholtza gainera hainbat lagun igo zen. Aurrena, Adur Letamendia, Pukas familiako semea. Hitz gutxi batzuk egin zituen: "Askotan pentsatu dut, nolako zortea duen gure familiak, horrenbeste jenderi gustatzen zaiona egin ahal izateagatik".  Eta eskerrak eman zizkien "txapelketa hau epikoa egin zuten denei".

Xabier Txurruka alkateak ere bi hitz egin zituen: "Zarauzko surfaren historia aldatu zenuten, eta merezi duzue aitortza hau. Orduko udalak ere lagundu zuen txapelketa hura egiten, eta baita jende mordo batek ere, zarauztarrak beti egon direlako laguntzeko prest", azpimarratu zuen.

Noski, Adurren gurasoak ere igo ziren oholtzara, haiek izan baitziren txapelketa antolatu zutenak. Iñigo Letamendiak ez zuen hitz egin nahi izan, eta mikroa Marian Azpirozi pasa zion, "berak ateratzen dituelako gaztañak eltzetik".

Marian Azpirozek gogoratu zuen nola joan ohi ziren Zarauztik mugaz bestaldera, hango surf txapelketak ikustera. Halako batean, pentsatu zuten Zarautzen ere egin zezaketela, eta hala aipatu zieten udalekoei. Turismo zuzendariarekin eta alkatearekin joan ziren txapelketa bat ikustera. "Zuek egin al dezakezute hau Zarautzen? Galdetu ziguten. Eta guk esan genien uste genuela baietz. Eta horrela hasi ginen", kontatu zuen atzo. "Munduko surflari onenak etorri ziren, orduan zirkuitu bakarra baitzegoen. Ikusle mordoa biltzen zen, garai hartan ez baitzegoen gaurko teknologiarik, eta bestela hiru hilabete itxoin behar baitzen txapelketakoa aldizkariren batean irakurtzeko". Azaldu zuen hemengo kulturak ere erakartzen zituela surflariak.

Miel Azpiroz ere omendu zuten atzo, eta hark ere hasiera hura gogoratu zuen. "Aurreneko txapelketa hura antolatzen jende askok lagundu zuen, eta oso ondo pasa genuen denok. Askatasun ikaragarria zegoen urte haietan, eta denak aluzinatuta gelditu ziren. Zer gehiago esan dezaket? Surfa oso handia da Zarautzen, eta festak jarrai dezala!".

Ana Mari Esnal eta hainbat herritar ere bai

Denek azpimarratu zuten txapelketaren antolakuntzan jende askok hartu zuela parte. Horregatik, amaierako argazkia ateratzeko unea iritsi zenean, ekitaldia ikusten ari zirenen arteko asko igoarazi zituzten oholtzara, "orain 30 urte egindako txapelketaren parte direlako".

Horren aurretik, beste pertsona bat ere omendu nahi izan zuen Udalak: Ana Mari Esnal Turismo zuzendari ohia. "Gure esker ona erakutsi nahi diogu, txapelketa antolatzen egindako lanagatik", esan zuen Txurrukak. Esnalek, ordea, garrantzia gutxi eman zion bere buruari: "Nik pixka bat lagundu nuen, baina lana Pukas familiak egin zuen".

Jose Luis Lasaren eskultura opari

Omenaldiaren barruan, Udalak opari berezia eman zien Pukastarrei. Hala azaldu zuen alkateak:"Opariarekin pentsatzen hasi ginenean, argi ikusi genuen zerbait berezia izan behar zuela, surfarekin lotutakoa, baina baita Zarautzen etorkizunean segida izango zuena ere. Zuek oholak eskuz egiten dituzue, eta oparia ere eskuz egindakoa da".

Hain zuzen, Jose Luis Lasa artista zarauztarraren eskultura bat oparitu zien udalak. "Doan eman dio udalari, eta guk zuei ematen dizuegu brontzezko maketa, baina gure asmoa da eskultura hau malekoian jartzea, eta horretarako lanean ari gara".

Lasak berak eman zien eskultura Pukas familiari.