Pro Zarautz 2018

Erostarbe ez da sailkatu hurrengo txandarako eta gizonen final laurdenak bihar goizean jokatuko dira

Zarauzko hitza 2018ko api. 6a, 18:56
Txapelketako hirugarren jardunaldiko irudi bat. (Amaia Urbieta Arruti)

Pro Zarautz txapelketako hirugarren jardunaldia olatuen beherakadak markatu du, baina goizean jokatu ahal izan dituzte emakumeek final zortzirenak. Oraingoan, Nadia Erostarbek ez du lortu hurrengo txandarako sailkatzea, eta gizonezkoei dagokienez, arratsaldean ez da lehiarik izan, eta bihar goizeko 8:00etarako egin diete hurrengo deia.

Marea altua eta olatu frekuentzia murritza izan dira emakumeen final zortzirenetako ezaugarri nagusiak. Bihar jokatuko dituzten final laurdenetarako sailkatu diren surflariak Pauline Ado, Marion Philippe, Garazi Sanchez, Carol Henrique (aurreko urteko txapelduna), Teresa Bonvalot, Camilla Kemp, Mikaela Greene eta Leticia Canales izan dira.

Gizonezkoen gaurko lehen deia 16:00etan bazen ere, olatuen beherakada dela eta, gizonezkoen final zortzirenak biharko finkatu dira. Goizeko 8:00etan egin diete deia. Bertan lehiatuko dute Aritz Aranburu, Hodei Collazo eta Imanol Yeregi eskualdeko kirolariek.

Zarauzko hondartza leporaino beteta, arratsaldean lehiarik egon ez bada ere talde txapelketa dibertigarri batekin amaitu dute jardunaldia. Txapelketako parte hartzaileak, 6 taldetan banatuta, ikuskizun polita eskaini diete inguratu diren guztiei.