Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du UEMAk

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 10a, 17:53

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute, administrazioan bertan euskara normalizatzeko urratsak emateaz gain.

2017ko errenta eta ondarearen aitorpena egiteko garaia heldu zaie Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrei, eta errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du martxan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean. Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute kanpainaren bitartez.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko herritarrek "zailtasunik ez dutela" uste du UEMAk. Izan ere, herritarrek zein hizkuntzetan egin nahi duten aukeratu dezaketela azaldu dute. Administrazioa euskalduntzeko eragina duela uste dute, eta haien hitzetan, euskararen normalizaziora bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Herritarren babesa eta parte hartzea beharrezkotzat jo dute; eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere kanpainak.

Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera errenta aitorpena egiteko bide ezberdinak egon arren, moduak antzekoak direla eta prozesu guzti horretan euskararen aldeko hautua egitea lortu nahi dela azaldu dute UEMAtik. Udalerri euskaldunetan bizi diren herritarren datuak islatu nahi dituzte, administrazioa euskalduntzen jarraitzeko bidean pausoak emateaz gain.

Kanpainako material grafikoa udalen, erakunde publikoen eta euskara talde edo elkarteen eskura jarri dituzte. UEMAren webgune ofizialean ikusi eta eskuratu daiteke material guztia.