Paleontologo gazteek hartuko dute herria egunotan

Onintza Lete Arrieta 2018ko api. 10a, 18:14
BeƱat Intxauspe ikerlari zarauztarra eta Nekane Iribar Kultura zinegotzia. (Onintza Lete Arrieta)

113 ikertzaile elkartuko dira Ikertzaile Paleontologo Gazteen XVI. Topaketan, apirilaren 11tik 14ra. Hitzaldiak irekiak dira, eta Merkatu plazan erakusketa bat jarriko dute.

Bihar ehun ikertzaile gazte inguru iritsiko dira Zarautzera. Euskal Herrikoak dira batzuk, baina beste hainbat datoz Kataluniatik, Espainiatik, Portugaldik eta Italiatik. Paleontologia arloko ikertzaileak dira unibertsitateetan, edo masterra amaitzen ari direnak arlo horretan. Datozen bi egunetan aukera izango dute beren ikerketak jendaurrean azaltzeko. Hain zuzen, esperientzia gutxiko ikertzaileei ahotsa ematea du helburu Ikertzaile Paleontologo Gazteen Topaketak.

Aurten hamaseigarren aldiz egingo dute, eta Zarautz aukeratu dute erdigunetzat. Hitzaldiak Antoniano aretoan egingo dituzte goizean hasi eta iluntzera arte, eta Merkatu plazan, berriz, erakusketa zabalduko dute arratsaldeetan. Bertan, ikertzaileen lanak ezagutzeko aukera egongo da. Posterrak erabili dituzte lanak azaltzeko.

Topaketei buruzko xehetasunak emateko, prentsaurrekoa eman dute gaur Nekane Iribar Kultura zinegotziak eta Beñat Intxauspe ikerlari zarauztarrak. Iribarrek azpimarratu zuen Urola Kosta eskualde aberatsa dela paleontologia arloan. «Hor daude Zumaiako flyschak, Zestoan Ekainberri eta Zarauzko ondare paleontologikoa». Udalaren babesa eskaini zion egitasmoari: «Guretzat ohorea da herrian egitea topaketa hau», esan du.

Intxauspek, berriz, eskerrak eman dizkie udalari eta herriko hainbat taberna eta dendari, «hasieratik emandako laguntzagatik», eta topaketen egitaraua azaldu du, bera baita antolatzaileetako bat.

EGITARAUA
Hitzaldiak

  • Noiz. Osteguna eta ostirala.
  • Non. Antoniano aretoan.
  • Ordutegia. 09:30-13:00 eta 14:30-19:00. Ostiralean, 20:00ak arte.
  • Norentzat. Ikerlarientzat, nahiz herritar ororentzat.
  • Hitzaldi motak: esperientziadun ikertzaileen hitzaldi magistralak (egunean lau), 45 minutuko hitzaldiak, eta ikertzaile gazteen hitzaldiak, 15 minutuko hitzaldiak.
  • Gaiak, multzoka: ornodunak, dinosauroak, neanderthalen hezurrak, paleolito garaiko klima, eta geologia eta paleontologia dibulgatzeko teknikak.

Erakusketa

  • Noiz. Osteguna eta ostirala.
  • Non. Merkatu plazan.
  • Ordutegia. 18:00-20:00.
  • Norentzat. Ikerlarientzat, nahiz herritarrentzat.
  • Mota. Poster edo kartel bidez, ikerlariek beren ikerketak azalduko dituzte.

Irteerak

  • Apirilak 11, asteazkena. Harreraren ondoren, Zarauzko alde zaharra bisitatuko dute, 19:00 aldera.
  • Apirilak 12, osteguna. Duna ikustera joango dira, 19:00etatik 20:00etara, alegia. 
  • Apirilak 14, larunbata. Goizean Zumaiako flyscha ezagutuko dute, eta, gero, Zestoara joango dira, Ekainberriko museora.