Dena den, emango du bere lanaren berri, kartel batean laburbildu baitu bere ikerketa. Merkatu plazako erakusketan egongo da ikusgai, beste hainbat lanekin batera; bihar eta etzi, 18:00etatik 20:00etara. «Euskaraz dagoen bakarra izango da. Nahi nuen gure hizkuntzak presentzia izatea, eta hitzaldia balitz ezingo nukeen erabili, baina kartel bat izanda, ulertzeko errazagoa izango da, grafikoak eta halako elementuak dituelako», azaldu du. «Bertan bueltaka ibiliko naiz, eta nahi duenari emango dizkiot azalpenak», gaineratu du.
Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretzako azken urtea ari da egiten. Geologoa da, eta aldaketa klimatikoaz ari da egiten tesia. Nanofosilak dira bere espezialitatea, hau da, milimetro baten ehuneneko tamainako fosilak. «Itsasoan bizi dira, eta espezie bakoitza dago egokituta klima desberdin batzuetara. Nik aztertu ditut gaur egungoaren antzekoak izan diren beroketa globalak, duela 50 milioi urte gertatu zirenak, eta ikusi dut nola aldatzen diren fosil horiek. Hortik hainbat ondorio atera daitezke. Azkenean, nik ondorioztatu dut etorkizunean are euri gehiago egingo duela Euskal Herrian».
Bere ikerketan ondorio gehiago badaude, eta herritarrak gonbidatu ditu Merkatu plazako erakusketara bertaratzera, ikerlarien lanak ikustera. Hitzaldiak irekiak izango direla ere gogoratu du, eta bi nabarmendu ditu: dinosauroei buruzkoak, ostegunean, eta Neanderthal hezurren ikerketei buruzkoak, ostiralean.
Zumaiak erakarrita
Intxauspek hiru beroketa global ikertu ditu bere tesian, eta baita disoluzioaren gaia ere. «Ikertu dut zenbateraino azidifikatu zen ozeanoa, koralen disoluzioagatik. Gaur egun gertatzen ari den zerbait da, koralak ari direlako disolbatzen pila bat, eta horiek zer informazio eman dezaketen ikusi dut, askoz ugariagoak baitziren lehen. Zumaiako flysch-era joan, hartu harkaitz zati bat, eta buztina ematen duen hori ia guztia fosila da. Mikroskopio berezi bat behar da hori ikusteko, baina pila bat daude eta oso errazak dira ikertzeko. Informazio azkarragoa ematen dute, koralak aztertzearekin alderatuta».
Hain zuzen, Zumaiako flysch-arekin lotuta, Intxauspek aitormen txiki bat ere egin du. Izan ere, topaketa, berez, Zumaian egin nahi zuten. Flyscharekiko interesagatik antolatu dituzte topaketak Euskal Herrian. Zumaian egin nahi zituzten hitzaldiak, «baina azpiegitura kontuengatik ezinezkoa zen», eta Zarautz aukeratu zuten orduan.
Ikastetxeekin ere lanean
Egitasmoa kulturalki eta zientifikoki aberasgarria izatea nahi dute antolatzaileek. Eta, horrez, gain, gogoratu dira gaztetxoenekin ere. «Biologia eta geologia ikasten ari direnak hona erakarri nahi izan ditugu», azaldu du Intxauspek. Hala, herriko ikastetxeetako ikasleen bisitak jasoko dituzte; DBH4ko eta Batxilergoko lehenengo urteko ikasleak zientziara beste modu batera gerturatuko dira.
Lau ikasle taldek entzungo dituzte hitzaldiak; talde bakoitzak, hamabost minutuko hiru hitzaldi. Gero, erakusketako lanak ikusiko dituzte, orduerdi inguruz.