Jose Luis Lasaren eskultura, Pukasentzat eta herriarentzat

Onintza Lete Arrieta 2018ko api. 11a, 10:11
Jose Luis Lasa artista bere tailerrean. (Zarauzko Udala)

Surflariaren omenez izeneko brontzezko lana eman dio artistak udalari, eta horrek Letamendia-Azpiroz familiari. Orain, eskulturaren formatu handia malekoian jarri nahi du udalak.

Pukasek ekarri zuen Zarautzera lehenengo aldiz munduko surf  txapelketa. Aurten 30 urte bete dira aurreneko aldi hartatik, eta Zarauzko Udalak omenaldi herrikoia egin zion Pukas familiari martxoaren 30ean. Ekitaldi alaia izan zen, surf girokoa, eta amaieran Letamendia-Azpiroz familiak opari berezia jaso zuen: brontzezko eskultura bat. Jose Luis Lasa artista zarauztarrarena da, eta Surflariaren omenez du izena.

Lasak udalari eman zion doantzan artelana, eta udalak Pukasko familiari oparitu zion omenaldian. Xabier Txurruka alkateak azaldu zuen zergatik aukeraketu zuten opari hori: «Opariarekin pentsatzen hasi ginenean, argi ikusi genuen zerbait berezia izan behar zuela, surfarekin lotutakoa, baina baita Zarautzen etorkizunean segida izango zuena ere. Zuek surfeko oholak eskuz egiten dituzue, eta oparia ere eskuz egindakoa da», esan zien omenduei oparia zer zen esan aurretik. «Lasak doantzan eman dio udalari, eta guk zuei ematen dizuegu brontzezko maketa, baina gure asmoa da eskultura hau malekoian jartzea, eta horretarako lanean ari gara», gaineratu zuen.

Orain, eskulturari buruzko xehetasun gehiago eman dituzte. Hain zuene ere, Lasak azaldu du artelana malekoian jarriko balitz, metro bateko oinarri baten gainean jarriko luketela, eta bi metroko altuera eta beste bi metroko zabalera izango lituzkela. «Borguetton jartzea litzateke ederrena», artistaren ustez.
Zarauzko Udalak, bere aldetik, jakinarazi du toki zehatza aztertzen ari dela, eta Lasari eskerrak eman dizkio, pieza doantzan emateagatik.

Erlazionatuak